EUSKADI.-IMK Derio zentroak (Bizkaia) ateak zabalduko ditu bihar 2009-2010 ikasturteko hezkuntza eskaintza aurkezteko

Actualizado: martes, 24 marzo 2009 11:38

BILBO, 24 Mar. (EUROPA PRESS) -

Itsasmendikoi elkarteko IMK Derio zentroak (Bizkaia) ateak zabalduko ditu bihar 2009-2010 ikasturteko hezkuntza eskaintza ezagutzera emateko asmiz. Erdi mailako bi ziklo eta goi mailako bat daude aukeran, guztiak nekazaritzarekin zerikusia duten ekimenekin loturikoak, eta interesa dutenek ikasketa programak ezagutzeko aukera izango dute 16:00etatik 17:30era bitartean urtero ehun bat ikasle berriri harrera egiten dien zentro honetan.

IMK Deriok eskaintzen dituen erdi mailako zikloen arteko lehena

"Lorezaintza" da, eta prestakuntza ziklo honen bidez lantzen diren gaitasunen artean daude kanpoko eta barruko lorategiak ezartzea, kontserbatzea eta hobetzea, bai eta landareak eta lorategiko materiala merkaturatzea ere, segurtasuna eta higienea kontuan hartuta, eta ingurumenari kalterik eragin gabe. Beharrezko makinak eta tresnak erabiltzea eta erabiltzeko moduan zaintzea ere lantzen da, bai eta lorezaintzako enpresa txiki bat antolatzea eta kudeatzea ere.

"Nekazaritza intentsiboko ustiategiak" zikloak ikasleak prestatzen ditu nekazaritzako laborantza intentsiboko produktuen ekoizpen eragiketak egiteko eta merkatuak eskatutako kalitatea lortzeko, kostua txikia dela, segurtasun eta higiene baldintzetan, eta ekoizpen ingurunea errespetatzen eta zaintzen dela. Instalazioak, makinak, ekipoak eta lanabesak erabiltzeko eta mantentzeko eta nekazaritza intentsiboko ustiategiak antolatu zein kudeatzeko ezagupenak ere eskuratuko dituzte.

Goi mailako prestakuntzari dagokionez, Bizkaiko zentroak "Natura eta Paisaia Baliabideak Kudeatzea eta Antolatzea (Natura Baliabideen Kudeaketa)" eskaintzen du. Ikasketa honen helburua da natura eta paisaia baliabideak kudeatzea, eta horretarako, beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta lanak programatu eta antolatu behar dira, ekoizpena lortzeko eta natura-ingurunea babesteko.

Zikloekin batera, IMK-ko ikasleek hainbat jardueratan parte har dezakete, heziketan ikasitakoa praktikan aplikatzeko. Baserriak zein azokak bisitatzeko eta makineria erakusketak ikusteko aukera izango dute, besteak beste, eta baita ikastaroetan, saio teknikoetan, lehiaketetan zein erakustaldi praktikoetan parte hartzeko ere.

Era berean, Euskadiko landa eta itsasertzeko eremuen prestakuntzaz, laneratzeaz eta garapen integralaz arduratzen den zentro bezala, IMK-k praktika hitzarmenak eskaintzen ditu 400 enpresa baino gehiagorekin. Nazioarteko lankidetza-hitzarmenak eta elkartruke programak ere badaude aukeran, atzerrian praktikak egin nahi dituzten ikasleentzat.

Horrez gain, lan-poltsaren zerbitzua dago besteren kontura lana aurkitu nahi dutenen eskura, sektoreko enpresekin eta ikasleekin bitartekari lanak egiten dituena, hain zuzen. Norberaren enpresa eratu nahi duten ekintzaileek ere bi laguntza zerbitzu dituzte: GEROA eta GazteNEK.