EUSKADI.-India.- Ehundik gora hildako izan dira Indian hotz-bolada dela eta

Actualizado: martes, 5 enero 2010 13:54

BILBO, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gutxienez ehun lagun hil dira Indian azken egunetan herrialdea zeharkatzen ari den eta gutxitzeko zantzurik agertzen ez duen hotz-boladaren ondorioz. Euri indartsuek eta elurrak, tenperaturak nabarmen jaistea ekarri dute azken egunetan.

Uttar Pradesh estatua izan da kaltetuena, hotz-bolada hasi zenetik 72 hildako izan baitira. Gainera, azken 48 orduetan beste 16 lagun hil dira estatu horretan, Xinhua berri-agentziak jakinarazi duenez. Halaber, Meteorologia Bulegoaren arabera, datozen bi egunetan elurteak espero dira eskualdean.

Horrez gain, herrialdeko hainbat zonaldek laino zerratuari egin behar izan diote aurre, trenak atzeratu eta trafikoa zaildu baitu herrialdean. Horrela, zenbait trenek orduetako atzerapenak izan dituzte lainoaren eraginez.

Halaber, Bihar estatua ere tenperatura oso hotzak jasaten ari da, eta Patnako zooko zaintzaileek berogailuak erabili behar izan dituzte animaliei hotza jasaten laguntzeko.

Gainera, heziketa alorreko agintariak hiriburuko ikastetxe guztiak ixtea aztertzen ari dira, behintzat tenperatura hotzak eta lainoa mantentzen diren bitartean. "Ikastetxe guztiak ixtea aztertzen ari gara, eta hori da Ministroen Kontseiluan gaur eztabaidatuko duguna", Delhiko agintarietako bat den Sheila Dikshitek adierazi duenez.