EUSKADI.-Industri prezioak %0,2 igo ziren joan den maiatzean EAEn, eta urte arteko tasak %7,5eko jaitsiera izan du

Actualizado: martes, 23 junio 2009 11:50

BILBO, 23 Jun. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industri prezioak %0,2 igo ziren joan den maiatzean, Eustatek landutako datuen arabera. Datu horiek kontuan hartuta, maiatzeko urte arteko tasan (azken 12 hilabeteetan industriako prezioek izandako aldakuntza laburbiltzen duena) %7,5eko jaitsiera dago.

Sektorekako azterketa xeheagoak agerian uzten du, 2009eko maiatzean, Petrolioa fintzea (%3,3), Energia elektrikoa, gasa eta ura (%2,2) eta Metalezko eta ez-metalezko mineralak (%1,0) adarrek gehitu zituztela gehien prezioak, aurreko hilaren aldean. Prezioetako jaitsierarik handienak, ostera, honako sektore hauek izan zituzten: Papera, edizioa eta arte grafikoak (%-0,8), Elikaduraren industria (%-0,7) eta Metalurgia eta metalezko gaiak (%-0,6).

Urte arteko aldian (2009ko maiatza, 2008koaren aldean), prezio-hazkunderik handienak honako sektore hauei egokitu zaizkie: Metalezko eta ez-metalezko mineralak (%6,0), Ehungintza eta jantzigintza (%3,2) eta Garraio materiala (%2,7). Kontrako noranzkoan, jaitsierak izan dituzte Petrolioa fintzea (%-37,9), Metalurgia eta metalezko gaiak (%-11,6), Beste manufakturak (%-3,6) eta Zurgintza (%-3,5) sektoreetako prezioek.

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapen berriari jarraituz, maiatzean, sektore-talde handien prezioen bilakaerak desberdinak izan ziren. Horrela, Energiaren prezioak %2,7 igo ziren eta Ekipo-ondasunenak %0,2; Kontsumo-ondasunen prezioak %0,6,jaitsi dira, eta berdin Kontsumo-ondasun iraunkorrenak (%-0,6) nola Kontsumo-ondasun ez-iraunkorrenak (%-0,6). Bitarteko ondasunen prezioak %0,5 jaitsi ziren.

Ondasun-talde horietako prezioen bilakaerek alde nabarmenak agertu zituzten urte arteko aldian. Energiaren prezioak %21,6 jaitsi ziren eta Bitarteko Ondasunenak %8,2; Ekipo-Ondasunen prezioak %1,9 igo ziren eta Kontsumo-Ondasunenak %0,2. Azken hauen artean, %0,3 igo ziren Kontsumo-ondasun ez Iraunkorren prezioak eta %0,2 Kontsumo-ondasun Iraunkorren prezioak.