EUSKADI.-Industriaren prezioak %0,3 jaitsi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan joan den martxoan

Actualizado: miércoles, 22 abril 2009 14:44

BILBO, 22 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioek %0,3 egin zuten behera joan den martxoan. Datu horien arabera, gainera, azken 12 hilabeteetako industriaren prezioen aldaketa jaso duen martxoko urte arteko tasak %4,6 egin du behera, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak gaur jakinarazi duenez.

Sektoreen azterketa xehekatuenak erakusten duenez, 2009ko martxoan, eta aurreko hilarekin alderatuta, hauexek izan ziren inflazio handiena izan zuten adarrak: Kautxua eta plastikoa (%1,1), Papera, edizioa eta arte grafikoak (%0,4), Material elektrikoa (%0,4) eta Manufakturatako beste industria batzuk (%0,1).

Prezioetan beherakada handiena izan zuten adarrak, aldiz, honakoak izan ziren: Petrolioaren birfinketa (%-1,6), Zuraren industria (%-0,9), Energia elektrikoa, gasa eta ura (%-0,8) eta Mineral metalikoak eta ez-metalikoak (%-0,7).

2008ko martxotik 2009ko martxora arteko aldian, prezioen hazkunderik handienak, Mineral metalikoak eta ez-metalikoak (%5,7), Ehungintza eta jantzigintza (%3,3), Garraioko materiala (%2) eta Makinak (%1,9) adarretan eman dira. Aitzitik, prezioen beherakada handienak, Petrolioaren birfinketa (%-34,2), Metalurgia eta gai metalikoak (%-4,8), Manufakturatako beste industria batzuk (%-2,3) eta Larruaren eta oinetakoen industria (%-1,8) sektoreetako prezioak jaitsi dira.

Xede ekonomikoaren araberako ondasunen sailkapenari jarraituz, sektore garrantzitsuenen prezioek joan den martxoan izan zuten bilakaerak beherako joera izan zuen guztietan. Salbuespen bakarra Ekipamenduko ondasunena izan zen, ez baitzuten gora edo behera egin (0,0). Energiaren prezioak %1,1 egin zuen behera, Bitarteko ondasunen prezioak %0,3 jaitsi ziren eta Kontsumo-ondasun guztienak %0,1, kontsumo-ondasun ez iraunkorrek behera egin zutelako (%-0,1) eta kontsumo-ondasun iraunkorrak berdin mantendu zirelako (%0,0).

Ondasun talde garrantzitsu hauen prezioen bilakaerek urtetik urtera ezberdintasun nabarmenak egon direla erakusten dute. Energiaren prezioek %18,9 egin dute behera, Bitarteko ondasunenak %3,2, Ekipamenduko ondasunenak %1,8 eta Kontsumo-ondasunenak %0,9; azken hauen artean, %1,2 igo dira kontsumo-ondasun iraunkorren prezioak eta %0,8 kontsumo-ondasun ez iraunkorren prezioak.