EUSKADI.-Ingelesa egiaztatzeko IELTS azterketak Euskal Herriko Unibertsitatean egingo dira

Actualizado: martes, 19 enero 2010 12:04

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Nazioarteko Hedakuntzako Errektoreordetzak eta British Council-ek akordio bat sinatu dute, EHUren Arabako eta Gipuzkoako campusetan IELTS (International English Language Testing System) delako azterketak egin ahal izateko.

IELTS ingelesaren erabilera eta ulermen maila egiaztatzeko sistema bat da, munduko 6.000 erakunde baino gehiagok onartzen dutena, horien artean, goi mailako hezkuntza-zentroak, enpresak edo immigrazio-sailak, besteak beste, EHUko iturriek azaldu dutenez.

Azterketa bakarra eginda, hautagaiek hainbat herrialdetan ikasi eta lana egiteko aukera izan dezakete, hala nola Erresuma Batuan, Amerikako Estatu Batuetan, Kanadan, Australian edo Zeelanda Berrian. Urtero 700.000 hautagai baino gehiago aurkezten dira azterketa hauetara.

IELTSk ez du 'gainditua' edo 'ez-gainditua' kalifikaziorik ematen. Noten baremo baten eta amaierako puntu-kopuru orokorraren arabera, hautagaiak hizkuntzaren lau trebetasunetako bakoitzean duen gaitasuna adierazten du (entzumena, irakurmena, ahozko adierazpena eta idatzizko adierazpena). Trebetasun bakoitzari 1etik 9ra arteko puntu-kopurua ematen zaio. Ikasketa-zentro bakoitzak bere irizpideen arabera zehaztuko du onartua izateko beharrezkoa den maila.

IELTSk bereizitako bi modulu ditu: bat akademikoa eta bestea orokorra. Hautagaiek zer modulu aukeratu erabakitzen dute, beren interesak gogoan izanda. Irizpide berak erabiltzen dira bi moduluak ebaluatzeko. Bien arteko aldea ez da eskatutako ingeles maila, azterketaren gaia eta bertan erabilitako hiztegia baizik. Hartara, azterketa akademikoan ingeles formalagoa erabiltzen da azterketa orokorrean baino.

EHUk eta British Council-ek antolatutako azterketaren lehenengo deialdia martxoaren 6an izango da, Gasteizen eta Donostian. Izena emateko baldintzak eta gainerako eskakizunak honako web-orri hauetan eskuratu daitezke: www.relaciones-internacionales.ehu.es, www.ielts.org eta www.britishcouncil.es.