EUSKADI.-Ingurumen erronken neurketa landuko da gaurtik Eustatek EHUko udako ikastaroen baitan antolaturiko ikastaroan

Actualizado: lunes, 29 junio 2009 13:37

BILBO, 29 Jun. (EUROPA PRESS) -

Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak nazioarteko, Europa mailako eta EAEko ingurumen erronken neurketa jorratzeko ikastaro bat antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) udako ikastaroen barruan. Planifikatutako ingurumen politikak ebaluatzeko adierazleei buruzko gogoeta-esparrua ere izango da. "Jasangarritasuna krisi garaian, ingurumen erronken neurketa" izenburupean, gaurtik asteazkenera bitartean izango da ikastaroan, Donostiako Miramar Jauregian.

Ikastaroaren antolatzaileen arabera, ingurumen adierazleen garapena alderdi berria da estatistikaren arloan, bereziki estatistika ofizialean, non ingurumen adierazleak gai "izarra" diren, eta bultzatu egingo da datozen urteetan.

Ikastaroak EAEko estatistika-lanabes erabilgarriak aztertuko ditu, eta duela gutxi gaiaz aritutako ikasketen emaitzen berri emango du. Gizarte-eragileek ingurumen politikara egindako ekarpenak ikusiko da eta baita krisi ekonomikoak ingurumen-politikari nola eragingo dion ere.

Ikastaroa aditu ezagunek emango dute, eta edukia hiru egunetan egituratu da. Lehenengoan (gaur) ikuspegi orokorra eman nahi da, hots, zein diren ingurumen erronka nagusiak krisi garaian, lorpenak adierazleen bidez neurtu beharra azpimarratuz. "Ingurumen erronkak krisi garaian, Europan eta estatuan", "Jasangarritasuna neurtzeko beharra" eta "EAEko ingurumen politiken erronka, estrategia eta emaitzak" bezalako gaiak landuko dira.

Bigarren egunean (bihar) EAE aztertuko da, baita toki-mailako alternatibak eta energia berriztagarriak ere. Zehazki, "EAEn klima aldaketaren kontra ezarritako neurriak eta emaitzen neurketa", "Energia berriztagarriak, benetako alternatiba Euskal AEn?" eta "Udalerritik abiarazitako ingurumen politikak, Udalsarea21" jorratuko dira.

Ikastaroaren azken egunean, asteazkenean, zenbait gizarte-eragileren ikuspuntua jasoko da, enpresariena eta Greenpeace erakundeko ordezkari batena, alegia. Jorratuko diren gaiak, "Ingurumen adierazleak eraikitzen. Hondakinak eta jarduera ekonomikoa", "Hiritarrak, jasangarritasunaren eragile nagusiak" eta "Enpresatik abiarazitako ingurumen politikak" izango dira.