EUSKADI.-Iñigo, Unai eta Olatz Ruiz de Gordejuela neba-arrebak ariko dira gaur BilbaoMusikako interprete gazteen zikloan

Actualizado: jueves, 14 mayo 2009 12:38

BILBO, 14 May. (EUROPA PRESS) -

Iñigo, Unai eta Olatz Ruiz de Gordejuela neba-arrebek osatzen duten hirukotea izango da protagonista gaur BilbaoMusika erakundeak antolaturiko Gazte Interpreteen Kontzertu Zikloaren sasoi honetako azken kontzertuan. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak babesturik, ekimenak musikari gazteen ibilbide musikala bultzatzea du helburu, adinez gazteak izanik ere, beren balio interpretatiboa erakutsi dutelako. Kontzertua, doakoa, La Galera eraikinean izango da, 19:00etan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Ruiz de Gordejuela neba-arreba gazteak (12 eta 15 urte bitartekoak) bertutetsuak dira pianoarekin, biolontxeloarekin eta biolinarekin. Debakoak (Gipuzkoa) jaiotzez, beren ama izan zen txikitatik musikarekiko maitasuna irakatsi ziena (pianista eta biolontxelista eta Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko irakaslea da).

Iñigok bost urte besterik ez zituenean hasi zitzaion pianoa irakasten, adin berean eman zion eskura Unairi ere lehen aldiz biolontxeloa eta Olatz, lau urterekin hasi zen biolinaren ikastaroetara joaten. Gasteizera joan zirenean bizitzera, kontserbatorioan onartu zituzten hiru neba-arrebak. Iñigok, nagusienak, gainera, Otawan (Kanada) urte batez ikasi du eta aurten "Euskadiko Musikari Gazteak" lehiaketan saritu dute.

Marta Agirre izango dute lagun pianoan eta Iñigo, Unai eta Olatzek Haendelen "Sonata HWV 316", Mozarten "Sonata KV 310" eta "Serenata Haffner", Beethovenen "Bei Männern, welche Liebe fühlen", Wieniawskiren "Leyenda para violin y piano", Sarasateren "Elegia" eta "Malagueña" eta Debussyren "Suite Bergamasque" interpretatuko dituzte.