EUSKADI.-Ipar Kutxak 3,96 milioi euro etekin gordina eta 2,80 milioi emaitza garbia lortu ditu 2009ko lehenengo hiruhilekoan

Actualizado: viernes, 24 abril 2009 16:09

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxak 3,96 milioi euroko etekin gordina eta 2,80 milioiko emaitza garbia lortu ditu 2009. urteko lehenbiziko hiruhilekoaren amaieran. Etekin horiek "gehikuntza arina" ekarri dute iazko epe berberaren aldean aurtengo ekitaldirako eginda zeuden aurreikuspenei dagokienez, Ipar Kutxako iturriek adierazi dutenez.

Interes-tasetan gertatu den bat-bateko jaitsiera bortitza eta honek interes-marjinan izan duen eraginaren gainetik -aurreikuspenen arabera, egoera areagotu egingo da hurrengo hiruhilekoan-, komisio garbiak beren horretan mantendu eta, gastuari eusteko egin den ahaleginari esker, %1,7 gehitu da marjina gordina eta %6,2 ustiapen marjina. Horrek guztiak erraztu egin du zuzkidura garbietan izandako hazkundea, %30etik gorakoa, eta epearen amaieran lortutako etekin gordina, hots, ia 4 milioi eurokoa.

"Ekonomia osoa eta bereziki banka sektorea astintzen ari den krisi larriari aurre eginez", Ipar Kutxak etekinei eutsi die urteko lehenengo hiruhilekoan. Finantza-erakundeek kreditu-inbertsioa murriztea erabaki duten arren, urteko lehenbiziko hiruhilekoan Ipar Kutxak %8,2 gehitu du iazkoaren aldean. "Berariaz nabarmendu" da saltoki, enpresa txiki eta ertain eta kooperatiben alde egindako arrisku-inbertsioen %8,2ko gorakada. Ohiko banku-jarduerarekin zerikusia duen jarduera-multzoa (emandako maileguak gehi erakarritako aurrezkia) %5,94 hazi da, baina aurreikuspenen arabera, hazkunde hori motelagoa izango da datozen hilabeteotan.

Enpresa eta partikularrentzako kredituei eusteak ez dio eragotzi erakundeari arriskua, berankortasuna eta likideziari buruzko estaldura-ratioak sektorearen batez bestekoen gainetik mantentzea. Horrela, zalantzazko kredituen estaldura %98,45ekoa da urteko lehenbiziko hiruhilekoaren amaieran, eta berankortasun-ratioa %2,28koa (sektorean dagoen %4tik gorako batez bestekoaren aldean). Likidezia-koefizientea %14,89koa da, eta kaudimen-koefizientea %14,8koa (%12,5eko TIER1), derrigorrez eskatzen den %8ko kaudimen-koefizientearen aldean.

Ipar Kutxak 406 langile eta 91 bulego ditu gaur egun, eta orain arte Bizkaira eta Arabara mugatuta zeukan sarea Gipuzkoa aldera ere hedatu berri du.

EMAKUNDE SARIA

Bestalde, Ipar Kutxak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde izendatzen duen Emakunderen bereizgarria jaso berri du. Bereizgarria Eusko Jaurlaritzak sortu zuen 1994an Emakunderen ekimenez, eta antolakuntzan berdintasunari eusteko konpromisoa aldarrikatzea du xede.

Kutxak gizon eta emakumeen egoerari buruzko azterketa egin du erakundearen barruan, eta ekintza positiborako plan bat abiarazi du alderdi desberdinak gogoan hartuz: langileek kontratazio, promozio eta prestakuntzarekin zerikusia duten helburu eta ekintzak; zuzendaritzako kideei zuzendutako aukera-berdintasuneko prestakuntza; kontratazio, aukeraketa eta prestakuntza arloko prozesuen berrikusketa; familia-ardurak dituzten gizonezko nahiz emakumezko langileen lan-ordutegia malgutzea; eta aukera-berdintasuna erraztuko duten informazio edota sentsibilizazio kanpainak egitea.

Era berean, kirol jardueretarako lankidetzaren esparruan, erakundeak Bilboko Maratoi Erdiaren XV. edizioa - Ipar Kutxa Sari Nagusia babesten du. Irteera eta helmuga Bilboko Kale Nagusian izango dituen lasterketa honek 21 kilometroko ibilbidea egingo du hiriko bide nagusietan zehar. Azken edizioan, 1.200 atleta inguruk parte hartu zuten proba honetan.