EUSKADI.-"Iparraldea bertan!" zikloaren zortzigarren edizioa egingo da bihartik hilaren 26ra Donostiako Koldo Mitxelenan

Actualizado: miércoles, 4 marzo 2009 15:32

DONOSTIA, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Kultur Erakundeak bultzaturiko eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak urtero eskaintzen duen "Iparraldea bertan!" zikloak zortzi urte beteko ditu aurten. Bihar hasi eta martxoaren 26ra bitartean, ekitaldi berriak izango dira gune donostiarrean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Aurtengo programazioak, musika emanaldiak eta jardunaldi bat tartekatzen ditu. Horrela, bihar, Patrice Dumora (ahotsa eta gitarra), Nat Cazarre (gitarra) eta Zedrik Ilhardoyren (bateria) musika emanaldia izango da. Patrice Dumora Akelarre taldeko abeslari ohiak disko bat atera du, pop-rock akustiko estiloan. Formula minimalista bat erabiltzen du (bi gitarra eta bateria bat), eta testu gehienak malenkoniatsuak dira, baina badute halako baikortasun bat, orokorki abeslariaren izaera oso ondo islatzen dutenak.

Martxoaren 12an, "Ipar Euskal Herriak ezagutu dituen aldaketak" jardunaldia egingo da, Janbattitt Dirassar 'Herria' astekariaren zuzendariaren eta Pantxoa Etchegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren partaidetzarekin.

Sortzez hazpandarra eta Ziburun bizi den Janbattitt Dirassarek 50 urte daramatza kazetetan idazten, bai euskaraz, bai frantsesez. Gaur egun, 'Sud-Ouest' egunkarian astean behin euskaraz den artikulu bakarra berak egiten du, eta azken bost urteetan bera da 'Herria' astekariaren zuzendaria. Bi libururen idazlea eta ohorezko euskaltzaina ere bada.

Martxoaren 18an, Otxalde taldea izango da Koldo Mitxelenan. Beskoiztarrak diren Beñat eta Marc Eiherabide anaiek sortu dute Otxalde taldea, eta zazpi kantarik eta musikarik osatzen dute.

Azkenik, martxoaren 26ean Pier-Paul Berzaitz izango da kantari Karlos Gimenez (pianoa), Txema Garces (baxua), Xanet Arozena (gitarra) eta Francisco Herrero (biolina) musikariekin. Pier-Paul Berzaitz zuberotar kantariak berriki plazaratu du disko bat Allande Oihenart XVII. mendeko poetak gaztaroan idatzi olerkiekin.