EUSKADI.-Irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakaskuntzako ikasleak %2,2 igo dira EAEn, batez ere haur hezkuntzan eta lehen mailan

Actualizado: lunes, 1 marzo 2010 13:58

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ikasketa ez-unibertsitarioren batean aritutako ikasleen kopurua 381.644 izan zen 2008-2009 ikasturtean, hau da, aurrekoan baino %2,2 gehiago, Eustaten datuen arabera. Haietatik 357.379 ikasle (%94) araubide orokorreko ikasketetan aritu ziren, eta 8.853 matrikula berri egin ziren, hots, %2,5 gehiago.

Lurralde Historikoka, Araban hazi zen gehien matrikulazio-kopurua aurreko ikasturtearen aldean, %4, hain zuzen ere. Gipuzkoan %2,8 hazi zen eta Bizkaian %1,2.

Zentro publikoan edo pribatuan aritzeko orduan, araubide orokorrekoetan ikasle-banaketa orekatua izan zen maila guztietan, HHIn izan ezik, non %98 publikoren batean aritu baitzen.

Araubide Bereziko Irakaskuntzetan (hizkuntzak, arteak, kirolak) aniztasun handiagoa izan zen ikasi beharrekoen arabera; izan ere, prestakuntza-programa hauetan zentro-kopurua txikiagoa da, eta eskaintzak asko baldintzatzen du aukeraketa.

Araubide orokorrekoetan, azken urteetan bezala, haur hezkuntzan eta lehen mailan izan zen eskaerarik handiena: 91.206 eta 110.095 ikasle, hurrenez hurren. Matrikulazio-hazkunderik handienak ere izan zituzten, %3,3 haurren hezkuntzan eta %2,6 lehen mailan. Joera bera igarri zen hezkuntza bereziko ikaslerian; kuantitatiboki txikiagoa, %3,5 hazi zen aurreko ikasturtearen aldean.

Helduentzako hezkuntza-zentroetako araututako moduluetan 29.196 pertsona aritu ziren, %1,8 gehiago. Gainerakoetan -DBH, batxilergoa, lan heziketa- ikasle kopuruak ezer gutxi aldatu ziren aurreko ikasturtearen aldean: 69.046, 28.832 eta 25.330, hurrenez hurren. Nabarmentzekoa da DBHn aldatu egin dela beheranzko joera, 165 ikasle gehiago izan baitira.

Azken hamarkadan ikaslez hazi diren mailak haur-hezkuntza (%60) eta lehen maila (%10) izan dira, "nabarmen" jaitsi dira DBH (%-19) eta batxilergoa (-%30) eta gradu ertaineko eta goi mailako lan heziketak berdintsu dirau.

Bestalde, 24.265 ikasle aritu ziren araubide bereziko irakaskuntzetan, aurreko ikasturtean baino %3 gutxiago. Hizkuntzek -20.242 matrikula- hartzen dituzte ikaslerik gehien. Beste mailetan, 2.997 ikasle musikagintzan aritu ziren; 537 arte plastiko eta diseinuan; 274 kirolgintzan; 152 goi mailako diseinuan eta 83 dantza-ikasketetan.

Araban 4.057 ikasle matrikulatu ziren; Bizkaian 14.551 eta Gipuzkoan 5.657. Bizkaian eta Gipuzkoan %4 jaitsi egin zen ikasle-kopurua, eta Araban %3,5 igo.

Hizkuntza-ereduetan, D indartuz doa goi mailetatik beheraka etorriz. Batxilergoan erdia ari da eredu honetan, eta ehunekoak haziz doaz, haur hezkuntzan %70 delarik.

Bestalde, 2008-2009 ikasturtean 34.000 izan ziren irakasleak, 2009ko pertsona okupatuen %3,4. %97 araubide orokorrekoetan aritu ziren eta gainerakoak araubide berezikoetan. Lantokiaren titulartasunari begira, irakasleen %62k ikastetxe publikoetan lan egin zuen, eta %38k ikastegi pribatuetan.

Araubide orokorreko irakaskuntzetan, 32.848 irakasle aritu ziren, haietatik 16.015 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta gehienak emakumezkoak (%85). 15.100 irakaslek Bigarren Hezkuntzan jardun zuten, bai derrigorrezkoan bai ez-derrigorrezkoan, hemen emakumeak %58 izan zirelarik. 2008-2009 ikasturtean, Araubide Berezikoetan 1.152 irakasle aritu ziren, haietariko %53 emakumeak.