EUSKADI.-Irisgarritasuna eta hirigintza hobetzeko lanak hasiko ditu datozen egunetan Bilboko Udalak hainbat auzotan

Actualizado: martes, 14 julio 2009 13:05

BILBO, 14 Jul. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Sailak hiriko auzoak hobetzeko asmoa hartu du. Horretarako, Bilboko hainbat auzotan irisgarritasuna eta hirigintza hobetzeko lanak hasiko ditu aurki. Lan horien guztien helburua da auzoak hobetzea, bizilagunentzat hurbilagoak, seguruagoak eta bizitzeko egokiagoak izan daitezen. Lanak egiten datozen egunetan hasiko dira, uda-garaia aprobetxatu eta hiritarrak ahalik eta gutxien molestatzeko.

Horrela, Bilboko udaletik iragarri dutenez, Irala auzoko Pablo Picasso kalean espaloiak zabalduko dira. Jarduera hori, Eskurtze plaza urbanizatzearekin eta Errege Katolikoen kalea oinezko bihurtzearekin batera, Irala auzoko Trafikoa Lasaitzeko Planaren barruan sartzen da. Aurreko bi lan horiek dagoeneko eginda daude.

Lan berriari esker, Obraketa Zerbitzuen Sailak irisgarritasuna hobetuko du, eta gainera, Iralabarriko Bizilagunen Elkarteak Iralako alde historikoa gizatartzeko eskaerari erantzuna emango zaio. Obra Auzokide Planeko lanen barruan sartzen da.

Bestalde, Gorte kalea "berreskuratuko da" Bilbo Zaharra auzoan.

Udala Bilbo Zaharreko kalerik enblematikoenak guztiz berritzen ari da, eta modu horretan, Gorte kaleko espaloiak berritu eta zabalduko dira irisgarritasuna hobetu eta oinezkoen pasabidea errazteko asmoarekin. Era berean, kaleko zerbitzu guztiak berrituko dira, hau da, ur-saneamendua eta hornidura eta argiteria publikoen sarea, bizilagunek kalitate handieneko zerbitzuak izan ditzaten.

Gainera, Zurbaranbarriko igogailu berria eraikiko da. Bilboko Udala plan berezi bat burutzen ari da hiriko auzo garaiak hobetzeko xedearekin. Hobekuntza horiek definitzeko, Obra eta Zerbitzuen Sailak, auzoa urte batez goitik behera aztertu eta gero, auzotarren parte-hartzea eskatu zuen, eta hamar bilera egin zituen 2.000 pertsona ingururekin.

Bilera horietan, lehenik eta behin, Sailak auzoa hobetzeko udal-plana azaldu zien bizilagunei eta iradokizunak eta iritziak eskatu zizkien; bigarren txandan, berriz, jarduera-proposamenak aurkeztu eta proiektuak auzoarentzat egokiak ziren ala ez ikusi zuten. Parte-hartze prozesu hori burutzeko, Hiria Kolektiboa hirigintza-arkitektoen eta Labein Tecnaliaren (hiri soziologia saila) laguntza izan du Udalak.

Planean jasotako jardueren artean, igogailu bat eraikiko da, eta Zurbaranbarriko Metroaren linea berriaren irteera zona horretako auzoen zatirik altuenarekin konektatuko da, Andramari eta Zurbaranbarri arteko hegiaren bidez. Igogailua denbora gutxi barru hasiko dira eraikitzen.

Azpiegitura horren kabinak Bilboren B forma orijinala izango du, eta, horri esker, lehendol dauden 400 eskailera-mailak igo beharrik ez da izango. Beraz, neurri handi batean, auzo horien irisgarritasuna ez ezik, bizilagunen bizi-kalitatea ere hobetuko da. Elementu mekaniko berriak hiru milioi euro inguruko kostua izango du.

TRAUKO ETA SANTUTXU

Bestalde, eskailera mekanikoak eraikiko dira Traukon. Bilboko Udalak Uribarri Goikoa Plan Bereziarekin aurrera jarraituko du, eskailera mekanikoak eraikiz Trauko Zeharkalea kalean, zona horretako irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Modu horretan, Aralar kalearen eta "C" zeharkalearen arteko desnibela kentzea lortuko da, baita Esnarritzaga eta Trauko zeharkalearen artean dagoena ere.

Egun, zonaldeko bizilagunek, auzo batetik bestera joateko, eskailera-atal ezberdinak igo behar izaten dituzte. Jarduera garrantzitsua da, bizilagunek desnibel handia igaro behar izaten baitute batetik bestera joateko. Kale horien arteko espazioa betetzeko, eskailera mekanikoen zazpi arrapala ezberdin egin behar dira. Jarduera bederatzi hilabetetan egitea espero da, eta gutxi gorabehera 2.499.000 euro inbertituko dira.

Halaber, Santutxuko Remigio Gandasegi kaleko espaloiak zabalduko dira. Datozen egunetan hasiko dira Auzokide Planaren baitan dagoen lan hauek ere. Hain zuzen ere, kale horretako espaloiak berritu eta zabalduko dira, oinezkoen pasabidea hobetzeko asmoz. Jarduera Santutxuko Ibilgailuen Trafikoa Lasaitzeko Planean sartzen da, eta horren helburua da oinezkoak espazioa eta erosotasuna izatea.

Bukatzeko, galtzada zolatzeko obrak egingo dira 6. Barrutiko Particular de Costa kalean. Era berean, ibilgailuen trafikoaren galtzada eta oinezkoen espaloia bereizteko pibotak jarriko dira, ibiltariei bidea erraztu eta irisgarritasuna ziurtatze aldera.