EUSKADI.-Janez Jansa artista eta eszena zuzendari esloveniarrak lantegi bat gidatuko du Bilbao Arte aretoan bihartik ostiralera

Actualizado: martes, 7 julio 2009 14:16

BILBO, 7 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolaturiko Bilbao Arte eta Kultura (BAK) udako ikastaroen baitan "Dantza kodeak. Gorputzaren diskurtsoak" izeneko mintegia burutuko da Bilbao Arte aretoan bihartik ostiralera bitartean, Janez Jansa artista eta eszena zuzendari esloveniarraren eskutik. Lantegi honekin ixten da udako ikastaroen dantza eskaintza hezigarria, pasa den astean lau lantegi egin baitziren Euskalduna Jauregian eta Musika Kontserbatorian.

Mintegia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan antolatu du EHUk, eta Isabel de Naveran eta Idoia Zabaleta izango ditu koordinatzaile. Azken 30 urteotan ikuspegia zein modutan aldatu den aztertzea da edizio honetako helburua, horretarako lau testuingurutan garatutako esperientzietan oinarrituz: Brasil, Turkia, Eslovenia eta Espainia.

Lurralde horiek errealitate bat partekatzen dute, hots, guztiek gerraoste eta diktadura-ondoko trantsizio garaiak igaro dituztela. Hala, eta "nola eraiki eta berreraikitzen da begirada kulturala gorputz praktika garaikideetatik?" galdera abiapuntutzat hartuta, mintegian truke, elkarrizketa eta eztabaida prozesu bat abiatuko da. Bertan sormenerako abiapuntu berriak sortzea nahi dute antolatzaileek.

Mintegian, gainera, esperientzia praktikoak ere izango dira, berreraikuntzan oinarritutako lantegi baten bitartez; Esloveniako Janez Jansa artista eta eszena zuzendariak gidatuko du lantegia. Finean, "Dantza kodeak. Gorputzaren diskurtsoak" ekimenaren helburua dantzako pentsaera alternatiboak ezagutaraztea da.

Beste parte-hartzailerik ere izango da mintegian: Oskar Gomez Mata, L'Alakran konpainiakoa (Geneva, Suiza); Bruselan (Belgika) bizi den Edurne Rubio artista bisuala; Clara Rubio, soziologoa; Paulo Paixo, Sao Pauloko (Brasil) Unibertsitateko dantzaren teorikoa; eta Zeynep Günsür, Istanbulgo (Turkia) Yildiz Unibertsitate Teknikotik etorria.