EUSKADI.-Jaurlaritzak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak EAEko 74 koba aztertu dituzte larrialdiei nola aurre egin zehazteko

Actualizado: jueves, 26 marzo 2009 14:31

DONOSTIA, 26 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak Euskadiko koba nagusiak aztertzeko lankidetza proiektu baten bigarren fasea garatu dute azken hilabeteotan, larrialdirik izatekotan erreskateak nola egin planifikatzeko. Halaber, gaur SOS Deiaken Gipuzkoako egoitzan egindako aurkezpenean, Herrizaingo Sailak jarduera horrek dituen arriskuez ohartarazi du, eta segurtasun aholkuak helarazi dizkie kobetara irteerak egiten dituztenei eta espeleologo berriei.

Proiektuaren bigarren fasean, 37 leizeren fitxa zehatzak egin dituzte, eta horien ezaugarri eta zailtasun nagusiak bildu dituzte, larrialdi baten aurrean egin beharreko edozein sorospen operazio errazteko.

Lehenengo fasean, 2008an aurkeztutakoan, 37 koba aztertu zituzten (hamar Araban, 23 Bizkaian eta lau Gipuzkoan); hortaz, dagoeneko 74 haitzulok dagokien erreskate fitxa dute. Bigarren fase honetan aztertu dituzten 37 kobak honela banatu dira: 11 Araban, 22 Bizkaian eta lau Gipuzkoan.

Elkarrekin egindako lanaren helburu nagusia leize horietan larrialdiren bat izanez gero lehen unetik bertatik nola jokatu behar den jakiteko informazioa eskura izatea da. Landa-lan hau Euskal Espeleologoen Elkargoko espeleologia taldeek egin dute, Herrizaingo Saileko teknikarien laguntzarekin.

Lan honi esker, errazagoa izango da larrialdia kudeatzea eta lehen erabakiak hartzea eta zer baliabide material eta zer giza baliabide beharko den aurreikustea. Gainera, koba bakoitzak dituen zailtasunak (zauritu bat ohatila batean ateratzeko, esaterako) aurretiaz jakin ahal izango dira. Halaber, lurretik komunikatzeko tokiak eta Kontrol Postua finkatuta egongo dira.

"Informazio hori guztia, espeleologia alorreko laguntza zerbitzuetara bideratuta, oso baliagarria da bai erreskate taldeetako kideentzat bai espeleologoentzat eurentzat leize batera sartu aurretik", adierazi dute proiektuaren bigarren fasearen aurkezpenean.

Fitxa bakoitzak hiru zati ditu. Lehenengoan kobazuloaren deskribapen zabal bat egiten da; sarbideak eta leizea eta prebentzio neurriak zehazten dira. Bigarrena laguntza antolatzeko eta horren logistika zehazteko atal berezia da eta balizko zailtasun guztiak jasotzen dira bertan. Azkenak material topografikoa eta beste eduki grafiko batzuk biltzen ditu.

Ikertu diren leizeak hautatzeko, besteak beste, honako irizpideak izan dira kontuan: larrialdiei aurre egiteko zailtasun maila, jasotzen duten bisiten kopurua eta espeleologoen, mendizaleen eta herritarren artean duen harrera. Espeleologia istripuren bat izateko duen arrisku maila ere aintzat hartu dute.

Lan hau "oso kalitate handikotzat" jo dute espeleologiaren munduan, eta "hobekuntza nabarmena ekarri die" Euskadin espeleologia alorreko larrialdiei aurre egin behar dieten guztiei. Herrizaingo Sailak euskarri ezberdinetan zabaldu nahi du, gainera, larrialdietako langileei eta espeleologiaren zaleei ez ezik nahi duen orok eskuragarri izan dezan.

AHOLKUAK

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eta Euskal Espeleologoen Elkargoak zenbait aholku aurkeztu dituzte espeleologo berrientzat eta kobetara irteerak egiten dituztenentzat. Horrela, lehenik eta behin, irteeraren berri eman behar da, zein kobatara joaten den, ibilbidea, aurreikusitako ordutegia eta doazen lagunak zehaztuz.

Halaber, bakarrik ez joatea gomendatzen da, eta hiru edo lau lagun joatea da gomendagarriena, talde jarduera baita espeleologia. Baldintza egokietan dauden oinetakoak, materiala eta arropa erabili behar dira, eta karburo nahikoa eraman edo, bestela, ordezko pila ugari. Manta termiko bat eraman behar da beti, eta iparrorratz txiki bat eta haitzuloaren plano zehatz bat ere.

Gainera, euria egiten badu ez da kobara sartu behar, leize batean ur-goraldiak oso handiak izaten baitira eta barruan harrapatuta geratzeko arriskua baitago. Eguraldi iragarpena arretaz jarraitu behar da, beraz. Erabat beharrezkoa dena baino ez da gainean eraman behar, izan ere, irteera gehiagok porrot egiten dute gehiegizko pisuarengatik, material faltarengatik baino.

Azkenik, sasoian egon eta koba barruan indarrak gorde behar dira, itzulerarako. Adituen aholkua hartu eta elkarteek eta federazioek antolatutako prestakuntza ikastaroak egitea ere gomendagarria da.

Ingurumena errespetatu eta ez da arrastorik utzi behar eta harriekin erne ibili behar da.