EUSKADI.-Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak ia 1,4 milioi euro erabiliko dute 2009an Iparraldean euskara sustatzeko

Actualizado: lunes, 23 febrero 2009 14:31

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak 2009. urterako hizkuntz politikaren alorreko elkarlana garatu dute, eta Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera bultzatzeko diru-laguntzak emateko deialdi publiko eta bateratua egingo dute.

Hala, Eusko Jaurlaritzak 470.000 euro jarriko ditu, eta Euskararen Erakunde Publikoak, aldiz, 920.000 euro; guztira, beraz, 1.390.000 euro izango dira, 2008an baino 50.000 gehiago.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteordeak 2009. urterako eranskina izenpetu eta aurkeztu dute gaur Baionan, euskararen gaineko hizkuntza-politika gaietan mugaz gaindiko lankidetza eta erakunde mailako harreman iraunkorrak garatzeko.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak direla eta, honakoak aurreikusi dira 2009ko eraskinean: jarraipen eta ebaluaketa adierazle komunen definitze eta antolaketa; helduen euskalduntze-alfabetatzearen esparruan, hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren definitze eta antolaketa; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazioa trukatzea terminologian eta toponimian.

Bestetik, Ipar Euskal Herriko eragileentzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren sustapen-lerroen inguruan, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana finantzatzeko, alde bien arteko ekarpenez hornituriko lankidetzarako funtsa garatuko da, eta honen baitan Eusko Jaurlaritzak 470.000 euro erabiliko ditu euskara sustatzeko.