EUSKADI.-Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroa elkarrekin erabiltzeko hitzarmena sinatu dute

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 17:53

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Getxoko Udalak (Bizkaia) hitzarmen bat izenpetu dute gaur Jaurlaritzaren Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroko goi mailako kirolariek Getxoko udal kirol instalazioak erabili ditzaten eta Getxo Kirolak erakundeak Fadurako zentro horretako instalazioak erabili ditzan ordu jakin batzuetan. Miren Azkarate Kultura sailburuak eta Imanol Landa Getxoko alkateak izenpetu dute hitzarmena.

Euskadiko goi mailako kirolarien prestakuntzarako zentro nagusiak, Hobekuntza Teknikorako Zentroak, Faduran du bere egoitza. Eusko Jaurlaritzaren eliterako kirolarientzako azpiegitura tekniko honek goi mailako kirolarien maila igotzeko aholkularitza eta zerbitzuak eskaintze dizkie. Gimnasioa, kiroldegia, teknifikaziorako zerbitzuak, eta prestakuntza zerbitzuak biltzen ditu bere egoitzan.

Horrekin batera kirolarien egoitza ere bada eta aurten, 70 ohe eskainiko ditu kirolari egoiliarrentzat edo prestakuntza egonaldietarako. Faduratik eskaintzen dira Eusko Jaurlaritzaren kirol arloko prestakuntzarako zerbitzuak.

Eusko Jaurlaritzaren Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroak, BAT Basque Team egitasmoan eta Euskadi Kirola Fundazioan sartutako eliteko kirolariei, bestelako goi mailako kirolariei eta, oro har, euskal federazioetako goi mailako kirolariei eta kirol taldeei eskaintzen dizkie kirol hobekuntza teknikorako zuzendutako zerbitzuak.

Horrekin batera, Fadurako zentroan dago Kirolaren Euskal Eskola eta bertan eskaintzen dira urtero ikastaro eta prestakuntza ekitaldiak; iaz 500 lagunek parte hartu zuten Kirolaren Euskal Eskolaren ikastaroetan. Fadurako zentro horretan dute egoitza gainera BAT Basque Team egitasmoak eta Euskadi Kirola Fundazioak.

Gaur izenpetu den hitzarmenari esker, Eusko Jaurlaritzak baimena du Getxoko Fadura kiroldegiko instalazioak Hobekuntza Teknikorako Zentroko hobekuntza programetan partaide diren goi mailako kirolariek edota Euskadi Kirola Fundazioaren parte diren kirolari edo entrenatzaileek erabili ditzaten. Getxo Kirolak erakundeak, bere aldetik, Fadurako zentroko instalazioak erabili ahal izango ditu, ordu jakin batzuetan.