EUSKADI.-Jazz erritmoz beteko da bihartik Getxo, Nazioarteko Jazzaldiaren 33. edizioarekin

Actualizado: martes, 30 junio 2009 16:34

BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

Getxoko XXXIII. Nazioarteko Jazzaldia hasiko da bihar, Diane Schuur pianistak eta abeslariak Biotz Alai Plazan 22:30etan hasita eskainiko duen kontzertuarekin. Horrez gain, ordubete lehenago, Tobias Meinhart Quartet ariko da Talde Lehiaketan, Albatros 5et "Hirugarren Milurtekoa" sailean (Getxo Antzokia plazan, 19:30etan) eta Dixieño Brass Band dixie gunean (Algortako Geltokia plazan, 18:00etan), antolakuntzak jakinarazi duenez.

Diane Schuur (Seattle, AEB, 1953) txikitan hasi zen jazzaz interesatzen George Shearing eta Duke Ellington pianoa jotzen entzunda. Horiek lagundu zioten pianoa jotzeko estiloa hobetzen eta, aldi berean, Dinah Washingtonek eta Sarah Vaughanek nola interpretatzen zuten ikusten hasi zen, bere estiloa hobetu ahal izateko.

1985ean fruitu ugari emango zuen kontratua sinatu zuen GRP diskoetxearekin eta abeslariaren ibilbide profesional nagusia bertan egin zen. 1997an GRP utzi eta Concord Jazz zigiluarekin sinatu zuen. Bigarren diskoetxe honekin 11 album bikain grabatu ditu, hainbat aldiz izendatu dute Grammy sarietarako eta irabazi ere egin ditu batzuk, esate baterako, 1987an eta 1988an jazzeko kantari onenaren Grammya lortu zuen "Timeless" eta "Diane Schuur and The Count Basie Orchestra" diskoengatik.

Ibilbide artistiko zabala duen arren, diskorik azpimarragarrienetako bat "Heart to Heart" (GRP, 1994) izan da, B.B. King abeslari eta gitarra-jotzaile mitikoarekin batera grabatua. Disko horrekin AEBetako Billboard zerrendako tokirik onenetan egon zen eta are gehiago proiektatu zuen nazioarteko ibilbidea. Bitxia den arren, Diane Schuurrek berez duen talentuak Europan lortu du AEBetan lortu ez duen aintzatespena.

Bestalde, hamaikagarren urtez jarraian, aurten ere, Getxoko Jazzaldian 'jam session'-ak egingo dira, Algortako The Piper's Irish Pubean, Biotz Alai plazako kontzertuak bukatutakoan. Gauerdira aldera, publikoak jazz onenaz gozatzen jarraitu ahal izango du, giro apartan eta lasaian. Bost gauetan zehar, jazz zaleek 'jam session' bikainez gozatzeko aukera izango dute.

Saioetan oinarrizko talde bi izango dituzte, eta, horiei, egunero artista berriak gehituko zaizkie -batzuk, jaialdiko parte-hartzaileak-, eta erritmo guztiz desberdin eta orijinalak eskainiko dituzte.

Halaber, To Be Continued Brass Band taldea jardungo da Getxoko kaleak girotzeko, eta azkenik, Algortako Satistegi kafean Jose Manuel Hornaren argazkilariaren erakusketa egongo da ikusgai.