EUSKADI.-Jesus Guridi interpretatuko du gaur arratsaldean Bilboko Udal Musika Bandak Areatzako kioskoan (Bilbo)

Actualizado: viernes, 29 mayo 2009 12:34

BILBO, 29 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Bandak udaberriko kontzertuen denboraldiko hirugarren kontzertua eskainiko du gaur arratsaldean Areatzako kioskoan, Bilbon. Oraingoan, 19:30etan hasiko den kontzertua Iñaki Urkizu bandaren zuzendariordeak gidatuko du, eta Jesus Guridi konpositore gasteiztarraren obrari eskainiko zaio arreta berezia, bandako arduradunek jakinarazi dutenez.

Bi atal izango ditu kontzertuak. Lehenengoan, Jose Maria Martin Domingoren "Alvaro Domecq" pasodoblea, Emmanuel Chabrierren "España" rapsodia eta Jesus Guridiren "Diez melodias vascas" entzun ahal izango dira; bigarrenean, aldiz, zarzuelako aukerkaeta bat interpretatuko du bandak, besteak beste, Reveriano Soutullo eta Juan Verten "La leyenda del beso" zarzuela eta Franco Cesariniren "Mexican pictures" suita joz.

Iñaki Urkizu Kerejeta Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea (Beasain, 1961) zortzi urterekin hasi zen tronpeta jotzen etxeko ohitura jarraituz eta laster pasa zen Tolosako Musika Bandako kide izatera. Donostiako Kontserbatorioan egin zituen bere ikasketak.

Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle, zenbait bandetako kolaboratzaile -Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Araba Brass Taldea eta Gasteizko Big Band, besteak beste- eta moldaketa, transkribatzaile eta musika bildumagile lanetan bere ibilbidea landu duena da.

Ertzaintzaren Musika Banda ere zuzendu du. Tronpeta bakarlaria ere izan da eta 750 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu, zenbait diskoren grabazioetan parte hartzeaz gain. 2007tik Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea da.