EUSKADI.-Jet Lag Bio 09-k abuztuaren 10era arte luzatu du moda lehiaketan izena emateko epea

Actualizado: jueves, 30 julio 2009 15:19

BILBO, 30 Jul. (EUROPA PRESS) -

Jet Lag Bio 09 Bilbao Urban Expressions jaialdiak datorren abuztuaren 10era arte luzatu du "Modaren eta Joeren Mapa" lehiaketan izena emateko epea. Jet Lag Bio-k abian jarritako ekimen hau euren lana jendaurreratu nahi duten 17 eta 35 urte bitarteko bilbotar gazteentzat prestatutako moda eta joeren lehiaketa da, antolatzaileek azaldu dutenez.

Inspirazio iturri bezala gai bakarra proposatuko zaie parte hartuko duten guztiei: Bilboko betiko txapel urdina. 20 diseinugile hautatuko dira, beren sortze-lanak erakusteko eta saltzeko aukera izan dezaten, irailaren 28tik urriaren 4a bitartean, ekimenaren alde egin duten Bilboko Zazpi Kaleetako saltokietan. Saltoki hauen promozioa "Modaren eta Joeren Mapa" batean egingo da, Jet Lag Bio 09-k eta Gazteen Informazio Bulegoak banatuko eta zabalduko dituztelarik mapak, jarduera eta saltokiak ezagutarazteko.

Proposamenak abuztuaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira, eta aukeratutako 20 partaideek irailaren 24ra arteko epea izango dute euren produktuak garatzeko, gero, Bilboko saltokietan gehienez ere 100 euroko prezioan prestatuko diren standetan salgai jartzeko, haien kalitatea eta prezioaren gardentasuna berma daitezen eta gazteen ekonomiari begira hurbilerraza gerta dadin.

Hautatutako lanak, dohainik banatuko den katalogo batean bilduko dira. Jardueraren amaieran bezeroek eta bisitariek erabakiko dute nor den lehiaketaren irabazlea, www.bilbaojetlag.net web-orrialdearen bitartez botoa emanez. Irabazleak sari batzuen artean aukeratu ahal izango du: asteburu bat pasatzea joeren azoka batean edo moda jaialdi batean, diseinuak egiteko zerbitzuak dituen ordenagailua, edo urtebeteko publizitate gastuak irabazleak berak aukeratzen duen komunikabidean.

BILBOKO TxAPELA

Bilboko txapel urdinarena da oinarri bezala aukeratu den gaia, diseinugileek euren proposamenak aurkez ditzaten. Lehiakideek beste era bateko interpretazioa egin diezaiokete gaiari, ikuspuntu gazte eta hiritarretik begiratuta, kontuan hartuz, gainera, Jet Lag Bio 09-k munduko beste bost hiri hartzen dituela barruan: Berlin, Dakar, Medellin, San Francisco eta Shanghai.

Diseinugile bakoitzaren artelanen aurkezpena egiteko euskarria eta formatua libreak izango dira eta edozerk balioko du lehiaketara eramateko, janzteko arropa batetik hasi, diseinu gisa erabiltzen diren osagarriak edo objektuak, edo baita irudiak ere, beti ere, proposamenek joerekin, artearekin eta diseinuarekin zerikusia badute.

Gainera, partaide bakoitzak nahi duen beste proposamen aurkeztuko ditu, pertsonako proposamen bakarra aukeratu ahal izango den arren. 20 partaideak aukeratzeko epaimahaia, Jet Lag Bio 09-ko antolakuntzako kideek eta parte hartzen duten saltokietakoek osatuko dute. Hauek, hautaketa egiteko orduan, produktuaren originaltasuna, proposamenaren estiloa eta nortasuna, aurkezpena egiteko formatua eta gai orokorrari eman zaion trataera izango dituzte kontuan.

DISEINATZAILE GAZTEAK

"Modaren eta Joeren Mapa" horretan parte hartzeko lehiaketa, Bizkaiko erroldan sartuta dauden edo Bilbon diseinuarekin zerikusia daukan merkataritzako jarduera batean diharduten 17 eta 35 urte bitarteko diseinugile gazteei dago zuzenduta. Partaideek, eskatzen zaien dokumentazioa eta beren proposamenen dossierrak eman beharko dituzte uztailaren 24ra orduko.

Aukera eginda eta argitaratuta, 20 finalistek, irailaren 24ra arteko epea izango dute proposamenen garapena egiteko, gutxienez produktuaren 20 unitate eta azalpena agertzen duen dossierra edo artista-liburua eginez. Gainera, jaialdian zehar, hautatutako lan guztien baterako aurkezpena egingo da, eta jaialdia bukatuta, publiko erabiltzaileak erabakiko du lehiaketako irabazlea zein izan den, www.bilbaojetlag.com web orrialdean on line botoa emanez.

Lehiaketan parte hartzeko interesa duten guztiek, www.bilbaojetlag.net web orrialdean begira ditzakete lehiaketarako oinarriak.

BILBAO URBAN EXPRESSIONS

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak antolatuta, jaialdi hau Bilbao Aktiba! II Plan Gaztean dago sartuta, eta Bilbo, Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaiko gazteriaren hiri kulturan dago inspiratuta. Jet Lag Bio-ren ekitaldi berri honek "Bilbao Urban Expressions" goiburua izango du, ingelesez, programaren izpiritua pertsona guztiek uler dezaten.

Jet Lag Bio 09 jaialdi sortzaile eta berritzailea da, eta gazteen partaidetza eta ekimena dira protagonista. Gazteen eta gazteentzat eginiko jaialdi bat da; gazteriaren adierazpen modu eta ekimen desberdinak sustatzen ditu eta hiri espazioa erabiltzen du eszenatoki gisa. Jaialdi honetarako, berriro ere ezohiko egitaraua prestatu da, hainbat eta hainbat ekintza antolatu dira, eta inplikatutako hirietako gazteek, elkarteek eta kolektiboek hartuko dute parte.

2008ko ekitaldiak 10.000 gazte bildu zituen bost egunetan zehar, eta 54.000 bisitaldi erregistratu zituzten interneten dituzten blogetan.