EUSKADI.-Jon Arretxek "Mundua 7 koloretan" ikus-entzunezkoa aurkeztuko du gaur Zaldibarko (Bizkaia) liburutegian

Actualizado: jueves, 7 mayo 2009 12:55

BILBO, 7 May. (EUROPA PRESS) -

Jon Arretxe idazle eta bidaiari basauriarrak "Mundua 7 koloretan" ikus-entzunezkoa aurkeztuko du gaur Zaldibarko (Bizkaia) udal liburutegian, 18:30etan hasita. Argazkiak, ilustrazioak, irakurketak eta zuzeneko edo grabatutako musika uztartzen dituen ikuskizun honen bitartez, munduan zehar dagoen errealitatearen berri eman nahi da, ahal den neurrian.

Ikus-entzunezkoaren hari gidaria Jon Arretxeren beraren "Zazpi Kolore" liburua da. Lan honetan bidaiariak urteetan zehar egindako hamaika bidaietan ezagutu dituen pertsona eta egoera berezienak biltzen dira, eta sentimenduka sailkatu, kapitulu bakoitza kolore baten esanahiari lotuz: tristura, esperantza, beldurra, bakea.

'Power-point' bidez egingo den saioan, bidaiari basauriarrak berak egindako argazkiak uztartuko dira Cristina Fernandez marrazkilari gasteiztarraren ilustrazioekin.