EUSKADI.-Jorge Cortes Izan euskaltzain urgazlea hil da Iruñean

Actualizado: martes, 12 enero 2010 18:50

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Jorge Cortes Izal euskaltzain urgazlea hil da gaur, Iruñean, 79 urte zituela. Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan da Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila egiten, eta Euskalerria Irratiaren sortzaileetarikoa ere izan zen. Akademiak 1969ko azaroaren 28an izendatu zuen euskaltzain urgazle.

Jorge Cortes Izal Otsagabian sortu zen, 1930ko apirilaren 25ean.

Batxilergoa Iruñeko Eskolapioetan ikasi zuen. Gero, Iruñeko Merkataritza Eskolan bi urtez ikasi zuen eta lanean hasi zen, komertzial moduan. 35 urtez, erretiroa hartu arte, plano-erreproduktoreak, fotokopiagailuak eta horrelako tresneria saltzen aritu zen.

Ama euskalduna zen, baina berak ez zuen ikasi. Euskararekiko zaletasuna, berak azaltzen zuenez, horrexegatik piztu zitzaion, hain zuzen ere: amak bazekielako eta Jorgek berak txikitatik entzun zuelako euskara Otsagabian. Hortik sortu zitzaion ikastolen munduarekiko gertutasuna ere. Izan ere, Ikastolen mugimenduaren bultzatzaile handienetarikoa izan da Jorge Cortes Nafarroan, etengabeko lan isila egiten. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide egin zen, ikastolen aldeko mugimenduan parte hartu ahal izateko.

Iruñean, 1963an egin zituzten Nafarroako lehenengo ikastola zabaltzeko ahaleginak, baina ekimenak ez zuen aurrera egin, eta handik bi urtera, 1965ean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikastola bat eratu zuen, esklusiboki bertako kideen seme-alabentzat. Hasieran Nuestra Señora de Ujué izena zeraman, baina gero Paz de Ziganda izatera pasa zen.

Hala ere, elkartea zatitu egin zen, eta Jorge Cortesen gidaritzapean San Fermin ikastola sortzeari ekin zioten. Ikastola horren buru ere izan zen, gurasoek hautatua eta ikastola honetako lehenbiziko ikasleetakoak izan ziren bere semeak. Laster zabaldu zuten ikastolen mugimendu Nafarroa osora.

Nafarroako Diputazioaren Príncipe de Viana erakundeko "Fomento del Vascuence" sailean parte zuzena izan zuen, euskararen sustatze lanetan eta erakundearen izena zeraman aldizkariaren euskarazko gehigarrian batik bat. Amadeo Marco, Miguel Javier Urmeneta eta abarren laguntza lortu zuen Euskararen Sail horretatik euskara sustatzen eta zabaltzen joateko Nafarroan, eskola munduan bereziki.