EUSKADI.-Jose Vicente Pla klarinetista izango da protagonista igandean, Bilboko Udal Musika Bandak emango duen kontzertuan

Actualizado: viernes, 27 marzo 2009 14:00

BILBO, 27 Mar. (EUROPA PRESS) -

Jose Vicente Pla klarinete-jotzailea izango da protagonista igande honetan Bilboko Udal Musika Bandak Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren gidaritzapean Euskalduna Jauregian eskainiko duen kontzertuan. Ohi bezala, emanaldia -denboraldi honetako azkenaurrekoa- 12:00etan hasiko da. Sarrerak bi euroko prezioa izango du eta kontzertu eguneko goiza arte eskuratu ahal izango dira Euskalduna Jauregian bertan.

Pla 1988tik da banda bilbotarreko partaidea eta 1994tik klarinete bakarlaria. Bilboko eta Euskadiko orkestra sinfonikoekin ere aritu izan da eta Mike Oldfield konposatzailearen "Music of the Spheres" obraren aurkezpenean ere parte hartu zuen Guggenheim Bilbao Museoan.

Alor pedadogikoari dagokionez, azken urteetan Ondarroako eta Barakaldoko kontserbatorioetan klaseak ematen egin duen lana ere azpimarratu behar da, baitae Areetako Julian Gayarre musika eskolan egindakoa ere. Egun, Bilboko Abesbatzaren Elkarteko Kontserbatorioan irakaslea da.

Iganderako aukeratutako errepertorioa bost ataletan banatuko da: Oscar Navarroren "Klarinete eta airezko bandarako kontzertua"; Artie Shawren "Klarineterako kontzertua" (Plak berak egindako moldaketekin); Nigel Clarken "Breaking the century"; Martin Ellerbyren "Meditations" eta Gilbert Vinieren "Vizcaya".

Bilboko Udal Musika Bandaren udazken eta neguko denboraldia apirilaren 5ean amaituko da. Azken kontzertu horretan, Rafael Sanz-Espert bandako zuzendaria, Iowako Unibertsitatean Musikako doktorea den Marc Whitlockekin batera arituko da.