EUSKADI.-Juan Mari Beltranek, Mireia Gabilondok eta Jon Mayak "Ttakun Ttan Ttakun" ikuskizuna aurkeztuko dute larunbatean Tolosan

Actualizado: martes, 5 enero 2010 11:54

DONOSTIA, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Juan Mari Beltranen "Txalaparta" izeneko disko-liburuaren argitalpena dela eta, Mireia Gabilondo aktoreak, Jon Maya dantzariak eta Beltranek berak "Ttakun Ttan Ttakun" izenburuko ikuskizuna aurkeztuko dute larunbat honetan Tolosako (Gipuzkoa) Leidor Antzokian, iluntzeko 20:30etan hasita.

"Ttakun Ttan Ttakun" ikuskizuna, Beltranen "Txalaparta" liburuan eta diskoan egindako ibilbidea jaso eta, "magikoki", musikaz, argiz, irudiz eta poesiaz beteriko ikuskizuna bilakatzen da. Estreinaldi ofiziala Tolosan izango da larunbatean.

Obraren arduradunek azaldu dutenez, "Txalaparta" Juan Mari Beltranen maisu-lana da, testu, irudi, partitura, eta argazki ugariz osatua. CD eta DVD batekin lagunduta, lan hau ikerketa eta dokumentazio jardun luze baten ondorioa da eta musika hori ahalik eta hobekien ezagutzeko oinarriak jartzea du helburu. Obrak arreta berezia ematen die txalapartak azken 40 urteetan egin duen ibilbideari eta izan duen eraldaketari, dela musikalki, dela sozialki, bai antzinako jotzeko eratan, bai joera berrietan.

Hau guztia "Ttakun Ttan Ttakun" izeneko ikuskizunetan aurkeztuko da, non Juan Mari Beltranek, Mireia Gabilondok eta Jon Mayak "memoriaren lurralde urrunenetara" eramango dituzten ikusleak, "imajina daitezkeen erritmo eta aukera guztietan, irudi, dantza eta argi-itzalen joko zoragarrien bitartez".

"Joaldi tradizionalak soinu eta espresio berriekin nahastuko dira, bikote, hirukote eta laukotean egindako erritmo, doinu eta kolore askotako joaldi bereziz, edota ahots joko eta poesia hutsez beteriko ikuskizun honetan", adierazi dute.