EUSKADI.-Jue Wang pianista txinatarrak kontzertua eskainiko du maiatzaren 18an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian

Actualizado: viernes, 15 mayo 2009 12:29

DONOSTIA, 15 May. (EUROPA PRESS) -

Jue Wang pianista txinatarraren kontzertua antolatu du Cultura Musical elkarteak maiatzaren 18rako Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak salgai daude 16, 20 eta 25 euroko prezioetan Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, Telekutxan, Servikutxan eta www.kutxa.net webgunean, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

Oso gaztea izan arren (1984an jaio zen), ibilbide oparoa egin du Wangek musikaren alorrean. Hamar urterekin eskaini zuen lehenengo kontzertua eta ordutik sari ugari jaso du, besteak beste, Asiar Pianista Onenari Sari Berezia Leschetizky II. Nazioarteko Piano Lehiaketan (Taiwan, 2004), Sari Berezia Londresko VI. Piano Nazioarteko Lehiaketan (2005) edo Urrezko Domina Santanderreko XVI. Paloma O'Shea Nazioarteko Piano Lehiaketan (2008).

Kontzertuei dagokienez, Moskuko Kremlin Musica Jaialdia, New Yorkeko Carnegie Hall eta Vienako Konzerthaus izan ditu agertoki, besteak beste. Victoria Eugenian eskainiko duen kontzertuan Ravel eta J. Brahmsen obrak interpretatuko ditu.