EUSKADI.-Kutxak eta Inversiones Zubiatzu SAko zuzendariek enpresaren %72ko partaidetza hartu dute

Actualizado: viernes, 8 enero 2010 12:19

DONOSTIA, 8 Ene. (EUROPA PRESS) -

Kutxak eta Inversiones Zubiatzu SAko zuzendariek hitzarmen bat izenpetu dute enpresaren %72ko partaidetza hartzeko. Partaidetza-hartze hori Inversiones Zubiatzu SA konpainiaren akziodunen berrantolatze-prozesuaren barruan gertatu da, finantza-erakunde gipuzkoarreko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Egoitza Elgoibarren duen Inversiones Zubiatzu SA, gipuzkoar ekonomiaren enpresa bultzatzaile nagusitzat hartzen dena, Etxe Tar SA eta Albicein SA sozietateak kide diren enpresa-talde bateko sozietate 'holding'-a da. Etxe Tar SAk mekanizatu, muntaia eta automatizazio sistemen diseinua, fabrikazioa eta integrazioa egiten du eta Albicein SAk, berriz, piezen eta multzoen mekanizazioa, tratamendua eta muntaia ditu eginkizun nagusitzat. Enpresa horietako bezero nagusiak automobilak eta aerosorgailu eolikoak fabrikatzen dituzten nazioarteko lehen markak dira.

Kutxaren sarreraren ondorioz "bultzada berezia" izan du Inversiones Zubiatsu SAk, eta akziodunen berrantolaketak "egokia" den egitura eta dimentsioa eman dio enpresari, "gaur arte izan duen arrakasta berarekin enpresaren etorkizuneko proiektuak kudeatzen jarrai dezan". Enpresaren erabakigunea Gipuzkoan egotea "funtsezko faktorea" izan da Kutxa proiektuan sar zedin, "betidanik etengabeko babes irmoa adierazi baitio Gipuzkoako enpresagintzari".

Akziodunen berrantolaketaz gainera, enpresak Kutxa aitzindari izan duen eragiketa sindikatu bat formalizatu du; bertan parte hartu dute Banco Popular, Bankinter, Banco Guipuzcoano eta Banco Sabadellek. Modu osagarrian, Kutxak eta Luzaro-Partaidetzako kreditu-elkarteak Inversiones Zubiatzu SAko zuzendariei eman die haiek galdatzen zuten finantzaketa partaidetza har zezaten.

Kutxaren Proiektu Korporatiboen Saila eragiketa osoaren finantza-aholkularia izan da, eta BSK Legal y Fiscal SL enpresak lege eta zerga-aholkulari gisa jardun du.