EUSKADI.-LABek eta ELAk mobilizazioak deitu dituzte berriz EAEko anbulantzien sektorean patronalari negoziatzeko eskatzeko

Actualizado: lunes, 18 enero 2010 17:41

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

LAB eta ELA sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte berriro Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) anbulantzien sektorean, patronalak negoziatzeari emandako ezezkoen aurrean eta Eusko Jaurlaritzaren "pasibotasuna" ikusita, bi sindikatuotako iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Aipatu iturrien arabera, joan den Abenduan bi eguneko greba deialdia egin eta gero, mahaian esertzea onartu zuen patronalak, hasiera batean negoziatzeko asmoz. Abenduaren 30era arte izandako hiru bileretan erakutsi zuen, ordea, "ez zuela negoziatzeko asmorik, eta are gutxiago akordioetara heltzeko". "Mahaian nahasmena sortu eta denbora pasatzea bilatzen zuen, inolako akordioetara iristeko asmorik gabe. Gauzak hala, sektoreko langileok greba egin genuen abenduaren 30ean", gogoratu dute.

Greba egin aurretik eta ondoren, urtarrileko lehen asteetan patronalarekin bilerak eskatu dituzte sindikatuek negoziazioarekin jarraitzeko asmoz, baina erantzunik ez dutela jaso salatu dute.

Eusko Jaurlaritzari, berriz, bileren jarraipena egiteko eta arazoari irtenbidea emateko eskatu diote, enpresei ematen dien diru kopurua %10 igo baitzuen 2008an eta beste %10 2009an, "baina igoera horiek ez ziren langileengana iritsi".

"Badirudi Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunei ez zaiela hau guztia axola, ez baitute esku hartu, nahiz eta eskaera ugari egin. Horregatik diogu bi aldeak -patronala eta Eusko Jaurlaritza- egoera honen konplize eta errudun direla", adierazi dute.

Sindikatuek arazoa konpondu nahi dutela azpimarratu dute, "egoerak inor kaltetu gabe", eta horregatik, negoziatzera esertzeko prest daudela ziurtatu dute, "aipatu egoera desblokeatzen saiatu eta EAEko anbulantzien sektoreko hitzarmen justu bati bide emango dioten akordioetara heltzeko". "Baina oraingoz, patronalak, Jaurlaritzarekin batera, ez digu uzten berriro mobilizazioetara deitzea beste aukerarik", salatu dute.

Horrela, deitutako mobilizazioen baitan, bihartik ostegunera arte, sindikatuek informazio-orriak banatuko dituzte ospitale eta anbulategietan; ostiralean elkarretaratzea egingo dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta auto karabanak izango dira EAEko hiru hiriburuetan; azkenik, urtarrilaren 29an, greba deitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.