EUSKADI.-Lan Ekintza-Bilbaok hiriko merkataritza, aisia eta turismoari buruzko "world kafe" bat antolatu du biharko

Actualizado: jueves, 16 julio 2009 12:17

BILBO, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Lan Ekintza-Bilbao udal sozietateak "world kafe" delako bat egingo du bihar, 11:30etan hasita, Bilboko Domine Hoteleko terrazan. Gai nagusia "Merkataritzaren, aisiaren eta turismoaren arteko sinergiak identifikatzea, hiriaren barruan" izango da. Philippe Delespesse Inteligencia Creativa enpresako bazkide-zuzendaria izango da "world kafe" hori dinamizatzeko ardura izango duena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimena burutzeko arrazoi nagusia merkataritzaren sektorean sinergiak identifikatzea eta haiei etekina ateratzea da, eta Lan Ekintza-Bilbao buru duen Merkataritza Modernizatu eta Berritzeko Lan Batzordean sortutako ekimenetako bat da. Batzorde hori merkataritzaren sektorea eta jarduerak sustatzeko sortu zen, eta 2008ko urrian Merkataritza Mahaia sortu zenetik, Bilboko Udalak abian jarri dituen hiru batzordeetako bat da.

Ekimen honetan 40 lagunek baino gehiagok hartuko dute parte: merkataritza, turismo, aisia eta berrikuntzarekin lotuta dauden udal-mailako eta autonomia mailako erakundeetako ordezkariek, finantza-erakundeek, enpresek, merkatarien eta ostalarien elkarteek, unibertsitateek eta iritzi-sortzaileek.

Pentsamendu sortzailea garatzen eta sistematizatzen espezializatuta dagoen enpresa da Inteligencia Creativa. Philippe Delespesse txostengilea izan da berrikuntza eta sormenari buruzko biltzar eta hitzaldi ugaritan, eta Marketineko Profesionalen Elkarteko Sormen eta Berrikuntza Batzordeko presidentea da.