EUSKADI.-Langabezia %22,61 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan urteko lehen hiruhilekoan, eta tasa %10,33ra iritsi da

Actualizado: viernes, 24 abril 2009 13:43

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 20.000 langabetu gehiago zenbatu dira 2009ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, hau da, %22,61 gehiago, eta langabetuen kopuru osoa 108.600 lagunekoa da, langabezia tasa %10,33koa izanik, gaur argitaratu den Populazio Aktiboaren Inkestaren arabera.

Urte honetako lehenbiziko hiruhilekoa 2008. urtekoarekin alderatzen bada, 49.400 pertsona gehiago lanik gabe dagoela zenbatetsi da, hau da, %83,4 gehiago.

Lurralde historikoka, langabetuen gorakada handiena Bizkaian izan da, 62.300 langabetu gehiagorekin, langabezia tasa %11,47koa izanik. Gipuzkoan 30.800 langabetu gehiago izan dira eta tasa %8,91koa da. Araban 15.400 langabetu zenbatu dira eta tasa %9,56koa da.

Bestalde, 2009ko urtarrila eta martxoa bitartean, landunak 942.200 ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera tasa %57,50ean ezarriz. Landun gehien Bizkaian zenbatu dira (481.300), eta ondoren Gipuzkoan (315.100) eta Araban (145.900).

Aurreko hiruhilekoarekin alderatzen bada, landunen kopurua 33.100 lagunetan jaitsi da (%-3,40), eta 2008ko hiruhileko berarekin alderatuz, 51.400 landun gutxiago izan dira (%-5,17).

Langabezia tasa handiagoa da emakumeen artean (%11,01) gizonen artean (%9,79) baino. Aitzitik, jarduera tasa handiagoa da gizonezkoen artean (%65,7) emakumezkoen artean (%49,81) baino.