EUSKADI.-Latinoamerika, Europa eta Afrikako dantza taldeek parte hartuko dute Berangoko Folklore Jaialdian gaurtik igandera

Actualizado: viernes, 17 julio 2009 12:51

BILBO, 17 Jul. (EUROPA PRESS) -

Hiru kontinentetako zortzi taldek parte hartuko dute gaurtik igandera bitartean ospatuko den Berangoko (Bizkaia) Folklore Jaialdian. Simon de Otxandategi dantza taldeak antolatzen duen jaialdiaren hirugarren edizioan, Latinoamerika, Europa eta Afrikako konpainiek esku hartuko dute.

"Taldeak ez datoz hona dantzatzera bakarrik, baizik eta gurekin bizi dira, gurekin egiten du lo, gurekin ibiltzen dira eta gurekin datoz hondartzara. Gero, euren herrialdeetara joango dira eta Berango eta Euskadi nolakoak diren kontatuko dute", adierazi du Simon de Ontxandategi taldeko presidente Iñaki Gonzalezek.

Gonzalezek aitortu du herriaren laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekela jaialdia antolatzea, atzerriko gonbidatu guztiek Berangoko familien etxeetan igarotzen baitituzte egunak eta bertan egiten baitute lo. Bazkariak ere -200 lagun inguru bilduko dira- sartzen dira izaera herrikoia duen jaialdian.

Egitarauari dagokionez, gaur, Scottishpower Pipe Band (Eskozia), Flint (Flandes), Regionalny Zespol Piesni I Tanca (Polonia) eta Simon de Otxandategi taldeak ariko dira 20:30etatik aurrera Lantzarten. Konpainia bakoitzak 25 bat minutuko emanaldia eskainiko du. Bihar, ordu eta toki berean, Xiberotarrak (Zuberoa), Flint, Regionalny Zespol Piesni I Tanca, Goizaldi (Donostia), Scottishpower eta Jammu balleta (Senegal) izango dira protagonistak.

Jaialdia igandean bukatuko da eta agertokiak eta ordua aldatuko dira. Horrela, 11:00etatik aurrera, talde guztiak bilduko dira Berangoko Metroaren plazan, eta ordu erdi geroago kalejira egingo dute denek elkarrekin herriko kaleetan zehar. Eguerdian Jalisco Estatuko Ballet Folklorikoa (Mexiko) ariko da Lantzarten. Ondoren, 15:00etan, talde guztiek parte hartuko dute bazkari herrikoian. Bukatzeko, 17:00etan, Egan taldeak girotutako erromeria izango da.