EUSKADI.-Lau emakume atxilotu dituzte Barakaldon (Bizkaia) 1.158 euroko balioa zuten kosmetikoak lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 12 enero 2010 15:22

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek lau emakumezko atxilotu zituzten atzo, Barakaldoko (Bizkaia) merkataritza-gune bateko perfumeria batean kosmetikoak lapurtu izana egotzita. Emakumezkoak beroki baten barruan ezkutatu zituzten lapurtutako objektuak, eta guztira 1.158 euroko balioa zuten. Bezero batek segurtasuneko zaindariak ohartarazi zituen eta langileek lau emakumezkoak atxiki zituzten, Ertzaintza heldu arte, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi dutenez.

Gertakariak arratsaldeko 19:10ean jazo ziren, Barakaldoko merkataritza-gune batean. Lau emakumezko lurrin-denda batean sartu eta, disimuluan aritzen ziren bitartean, kosmetikoak beroki batean sartzen hasi ziren. Bezero batek lokaleko arduradunak ohartarazi zituen eta azken horiek segurtasun zaindariak bertaratzeko eskatu zuten. Emakumezkoak saltokitik alde egitera zihoazenean, zaindariek atxiki egin zituzten, Ertzaintzaren patruila bat heldu zen arte.

Lau susmagarriak identifikatu ostean, agenteek baieztatu zuten atzemandakoek zeramatzaten berokia manipulatuta zegoela, barruan objektuak sartu ahal izateko. Ertzainek hainbat kosmetiko aurkitu zituzten berokian; guztira, 1.158 euro balio zuten. Ebidentzia horien aurrean, agenteek lau emakumezkoak atxilotu zituzten, lapurretaren delitu bat egin izana egotzita.

Atxilotuak, 27 eta 36 urte arteko lau emakume, polizia egoitza batera eraman zituzten, beharrezko eginbideak burutu ostean, epailearen esku uzteko.