EUSKADI.-Lau gazte atxilotu dituzte Gasteizen, hiriko hainbat saltokitan izandako lapurretengatik

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 13:48

GASTEIZ, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 16 eta 21 urte bitarteko lau gazte atxilotu zituzten atzo arratsaldean Gasteizen, Arabako hiriburuko hainbat saltokitan lapurtzen harrapatu baitzituzten, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Atzo arratsaldean, 18:30ak aldera, Zaramagako merkataritza-gune bateko segurtasunaren arduradunak ertzainak bidaltzeko eskatu zuen, bi gazte lapurtzen harrapatu eta atxikita zituztelako. Herritarren segurtasunerako patruila bat bertaratu zen eta susmagarriak lau PSP bideokontsola (800 euro inguru balio dute) lapurtzen saiatu zirela egiaztatu zuten.

Agenteek beharrezko egiaztapenak egin ostean, bi gazteak atxilotu eta polizia egoitza batera eraman zituzten, eta, bertan, atxilotuetako bati saltoki berean ostutako MP4 bat ere atzeman zioten.

Bi ordu geroago, hiriaren erdialdeko merkataritza-gune handi batzuetan lapurreta egin zutela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Kasu honetan ere, ustezko egileak bi gazte ziren, eta hainbat arropa (200 eurotik gorako balioa dute) lapurtzen saiatu ziren, alarma dispositiboak kenduta eta gainean jarrita.

Bertaratu ziren ertzainak susmagarriak identifikatzen saiatu ziren baina ez zuten lortzerik izan, ez zeramatelako inolako agiririk eta ez zutelako datu fidagarririk eskaintzen. Egoera horren aurrean, atxilotu eta Gasteizko Ertzainetxe batera eraman zituzten. Atxilotuek 16 eta 21 urte zituztela egiaztatu zuten agenteek polizia egoitzan.