EUSKADI.-Lau gidari atxilotu dituzte azken orduetan EAEn, alkoholaren edarien eraginpean gidatzeagatik

Actualizado: viernes, 17 abril 2009 18:49

BILBO, 17 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzak lau gidari atxilotu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) atzo arratsalde-gau partetik, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta, hiru kasutan, trafiko istripuak eragiteagatik. Arau-hausleek alkohol tasa altuak eman dituzte eta, zenbait kasutan, baimendutako tasa laukoiztu ere egin dute. Ertzaintzak bide segurtasunaren aurkako delitu hauen larritasuna gogorarazi du, eta gidabaimena urte batetik gora kentzea eta espetxe-zigorrak ekar ditzaketela ohartarazi.

Atzo gauean, 21:30ak aldera, Aguraingo herrigunean (Araba), Seat Ibiza bat errepidetik irten zen eta apaingarri baten kontra jo zuen. Bidaiariak (bi gizonezko) arin zauritu ziren, eta horietako bat atxilotu zuten, baimendutako alkohol tasa (0,25 miligramo alkohol arnastutako aire litroko) gainditzeagatik.

Atzo baita ere, Bergarako herrigunean (Gipuzkoa), gidari batek istripua izan zuen, farola baten kontra jo baitzuen. Alkoholemia proba egin ostean, gidari horrek baimendutako alkohol tasa sobera gainditu zuen.

Lasarte-Orian (Gipuzkoa), 22:30ak aldera, patruila batek errepide erditik astiroegi zihoan gidari bat geldiarazi zuen. Urbarteko biribilgunean atzeman zutenean, agenteen aginduak ulertzeko gai ere ez zen, bere egoera zela eta. Hain zuzen ere, gidariaren alkohol tasak baimendutakoa laukoizten zuen.

Azkenik, antzeko alkoholemia tasa eman du gaur goizaldean beste pertsona batek, bere ibilgailua A-8 autobidean irauli ostean, Miraflores parean, Bilbon. Autoan zihoan emakume batek zauri arinak izan ditu eta Basurtuko Ospitalera eraman dute. Kasu guztietan atxilotuak Agintaritza Judizialaren esku geratu dira.

Asteburuan, gaur gauean hasita, Ertzaintzak alkoholemia edo drogak antzemateko probak areagotu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan.