EUSKADI.-Lau gizon atxilotu dituzte Bizkaian eta Kantabrian kokaina saltzen zuen talde baten aurkako operazioan

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 18:52

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren Krimenen Ikerketarako Unitateak azken hileetan egindako ikerketak lau gizonezkoren atxiloketa eragin du ustezko droga trafikatzaile talde bateko arduradunak direlakoan. Talde honek kokaina kopuru handiak sartzen zituen Bilbon, ondoren Bizkaiko Ezkerraldeko eta Kantabriako udalerrietan saltzeko. Ertzainek Madrildik zetorren auto bat ere atzeman zuten eta auto barruan bi kilogramo kokaina aurkitu zituzten agenteek, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Ertzaintzak martxan jarritako operazio honen gorabeherak sumarioko sekretupean daude Barakaldoko 4. Epaitegiaren esku. Joan den asteazkenean plana aurreratu zen Bizkaira kokainaz betetako auto bat sartuko zela jakin zutenean. Ertzaintzako Krimenen Ikerketarako Unitateko kideek aurretiaz egindako ikerketei esker jakin zuten aipatutako autoa Madrildik zetorrela eta bertan, ustez, trafikatzaileek droga lortzen zutela ondoren, Bilbon.

Autoa aurkitu eta geldiarazi ostean, agenteek bi kilo kokaina aurkitu zituzten barruan, eta berehala atxilotu zuten gidaria droga trafiko delitu bat leporatuta.

Atxiloketa honen ostean, eta dagozkion egiaztapenak egin eta gero, beste hiru pertsona ere atzeman zituzten (bi Bizkaian eta hirugarrena Castro Urdialesen, Kantabrian). Gainera, epailearen aginduak eskuan izanda, hainbat lokal eta atxilotuetako baten etxea ere miatu zituzten agenteek.

Araketa horietan kokaina gehiago aurkitu zuten, eta baita pisuak, droga nahasteko substantziak, dirua (ustez salmentaren bidez lortutakoa) eta droga hori banatzeko beste hainbat material eta elementu ere konfiskatu zituzten. Azkenik, trafikatzaileek zerabiltzaten hainbat auto garesti ere kendu dizkiete agenteek. Lau atxilotuak dagozkien izapideak bukatu bezain laster jarriko dituzte epailearen esku.