EUSKADI.-Lezamako (Bizkaia) Gazteguneak ohiko ordutegia berreskuratu eta ekitaldiak antolatu ditu asteburu honetarako

Actualizado: viernes, 8 enero 2010 12:35

BILBO, 8 Ene. (EUROPA PRESS) -

Gabonak igaro ondoren, Lezamako (Bizkaia) Gazteguneak bere ohiko erritmo eta ordutegia berreskuratu du. Honela, 10 eta 13 urte arteko gazteek Lezamako Udalak bultzatutako aisialdirako espazio horretaz gozatzeko aukera izango dute ostegunetik igandera bitartean, 2009ko apirilean lokala abian ipini zenetik zabaldu ohi duen egunetan, hain zuzen.

Lezamako Udaletik adierazi dutenez, ostegun eta ostiraletan erabilera librea dute umeek, hau da, Gazteguneak eskaintzen dituen joko, liburu eta bestelako entretenigarriak modu librean erabili ahal dituzte, beti ere monitorearen argibideei kasu eginez, hark baitu lokalaren erabilera egokia bermatzeko ardura eta baita umeen artean jokoetarako txandak ezarri eta mantentzekoa. Larunbatero, ekitaldi desberdinak proposatuko dira, eta igandero pelikula bat eskainiko da.

Horrela izango da asteburu honetan ere, eta bihar, eskola-umeek egutegiak egiteko tailerrean parte hartu ahalko dute, urte osoan zehar erabilgarri izateko moduko egutegiak egiten ikasteko. Igandetako zinema emanaldiei dagokienez, aurrenekoa igande honetan burutuko da, eta "Polar Express" filma izango da ikusgai.

Lezamako Gaztegunearen ordutegia hurrengoa da: ostegunetan, 18:00etatik 20:00ak arte; ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara; igandeetan, 17:00etatik 20:00ak arte.