Euskadi Literatura Sarien 2015. urteko deialdia zabalik da

Actualizado: martes, 31 marzo 2015 14:26

GASTEIZ, 31 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2015. urteko Euskadi Literatura Sariak arautu eta horretarako deialdia egiten duen agindua onartu du astearte honetan, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez.

   Aurten, Euskadi Literatura Sariak zazpi modalitatetan banatuko dira: Euskarazko literatura; Gaztelaniazko literatura; Euskarazko haur eta gazte literatura; Euskarazko literatura itzulpena; Literatura lanaren ilustrazioa; Euskarazko saiakera; eta Gaztelaniazko saiakera.

   Euskadi Literatura Sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko, eta saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi Literatura Sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko "Liburu nabigatzaile" eskulturaren ale zenbatua ere jasoko dute.

   Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jaso izango dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

   Euskadi Literatura Sariak eskuratzeko aukera, argitaratze unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek eduki ahal izango dute. Lan horiek lehen aldiz 2014. urtean argitaratuak izan beharko dute. Hala ere, kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira, nahiz eta aurrez azaldutako baldintzak bete.