Euskadi Literatura Sarien deialdia egin du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: martes, 12 abril 2011 15:12

GASTEIZ, 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Euskadi Literatura Sariak arautu eta haien deialdia egiten duen Agindua onartu du gaur. Sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko, eta diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko "Liburu Nabigatzaile" izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.

Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean.

Euskadi Literatura Sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak urtero egiten du sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.

Euskadi Literatura Sarietan zortzi modalitate daude: euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura, euskarazko haur eta gazteentzako literatura, gaztelaniazko haur eta gazteentzako literatura, euskararako literatura-itzulpena, literatura-lanaren ilustrazioa, euskarazko saiakera eta gaztelaniazko saiakera. Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai publikoak bai pribatuak, aurkeztu ahal izango ditu sarirako hautagaiak, baita lanaren egileak berak ere. Edonola ere, hautagaiak aurkezteko baino lehen lanaren egilearen aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko da.

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta maiatzaren 31n amaituko.