EUSKADI.-"Lurraldebuseko istorioak" Kontakizun Laburren I. Sariketak "harrera ona" izan du eta 324 lan jaso ditu, 65 euskaraz

Actualizado: viernes, 10 julio 2009 12:40

DONOSTIA, 10 Jul. (EUROPA PRESS) -

Dagoeneko amaitu da "Lurraldebuseko istorioak" Kontakizun Laburren I. Sariketara lanak aurkezteko epea eta antolatzaileek izandako "harrera ona" azpimarratu dute. Sariketa internet bitartez egin da osoki, horretarako bereziki sortu den microsite baten bidez. Gaztelaniaz 259 lan jaso dira eta 65 euskaraz; guztira, beraz, 324 lan. Orain, euskal idazlez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Lurraldebuseko ordezkariz osatutako epaimahai batek aztertuko ditu lanak.

Kontakizun guztiek zerikusia dute Lurraldebus zerbitzuko autobusetan gertatzen diren gorabeherekin eta honako web-orri honetan irakur daitezke: www.lurraldebusekoistorioak.com. Epaimahaiak lan onena aukeratuko du orain euskarazko sailean nahiz gaztelaniazkoan, eta irabazleek 2.000 euroko sari bana jasoko dute. Gainera, kontakizun onenak aukeratu eta lan sarituekin batera argitaratuko dira "Lurraldebuseko Istorioak" izeneko liburuan.

Lan irabazleen eta finalisten jabetza intelektualeko eskubideak sariketa antolatu duten erakundeen esku geldituko dira. Egoki irizten badio, epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango du saria, eta saririk gabeko kontakizunak ezabatu egingo dira.

Epaimahaiaren erabakia urrian egingo den ekitaldi batean jakinaraziko da, lehen aipatutako web-orrian iragarriko den datan. Ondoren, "Lurraldebuseko Istorioak" bildumaren lehen liburukia argitaratu eta Lurraldebuseko erabiltzaileen artean banatuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailak garraio publikoaren erabiltzaileen artean irakurketa eta idazketa bultzatzeko abian jarri duen ekimenaren barnean.

Literatur sariketa hau Sailak Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera eta garapen iraunkorra sustatzeko abiatu duen komunikazio kanpaina berrian kokatzen da. Kanpainaren helburua erabiltzaile guztiak kontzientziatzea da, baita beste herritar batzuk erakartzea ere, Lurraldebusek eskaintzen dituen abantailak aprobetxa ditzaten.