EUSKADI.-Maiatzaren 10ean ospatuko den seigarren Tipi-Tapa ibilaldian parte hartzeko izena emateko epea ireki du EHUk

Actualizado: miércoles, 29 abril 2009 14:57

BILBO, 29 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bizkaiko campuseko Errektoreordetzak Unibertsitatea Tipi-Tapa Osasunez ibilaldiaren seigarren edizioa antolatu du maiatzaren 10rako, eta parte hartu nahi dutenek irekita dute dagoeneko izena emateko epea, EHUko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

Ibilaldia ez da lehiaketa izango eta mundu guztiari irekita dago, helburua EHU gizartera hurbiltzea baita. Hortaz, ibilbidea (15 kilometrokoa luzea, eta 6,5ekoa laburra, hamar urtetik beherako umeentzat) Bilbon hasi eta Bizkaiko campuseko kiroldegian (Leioa-Erandio esparrua) bukatuko da. Beraz, Bilbon eta Leioa-Erandion dauden ikastegiak lotuko ditu, bertako ingurunea ezagutaraziz.

Hain zuzen, ibilbidea 9:30etan hasiko da Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolatik, eta hiru ordu eta erdi beranduago bukatuko da Leioa-Erandioko campuseko kiroldegian. Hortik doako autobus zerbitzua egongo da 12:30etatik 14:30ak arte Astrabuduako metro geltokiraino. Ibilbide laburra egin nahi dutenek 9:45an hartu behar dute trena EuskoTreneko Alde Zaharreko geltokian eta Sondikan jaitsi oinez ibiltzen hasteko.

Izen-ematea doakoa eta maiatzaren 8ra arte egin daiteke Bizkaiko campuseko Kirol Zerbitzuko bulegoetan (946 01 58 94 edo 946 013 162 telefonoak, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:30etara edo rovdepor@lg.ehu.es helbide elektronikoa). Ibilbide osoa egingo duten EHUko ikasleek aukera askeko kreditu bat lortu ahal izango dute.