EUSKADI.-Maiatzaren 2 eta 3an autobusak ibiliko dira trenen ordez Portugalete eta Sestao artean, metroaren Santurtziko obrengatik

Actualizado: viernes, 24 abril 2009 15:22

BILBO, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Metro Bilbaoko Peñota eta Santurtziko geltokiak martxan jartzeko planaren barruko hainbat obra egingo ditu Portugaleten maiatzaren 2an eta 3an. Lanok metroaren Portugalete eta Sestao arteko zerbitzua 48 orduz etetea ekarriko dute, eta trenen ordez autobusak ibiliko dira bi egun horietan, ordutegi eta maiztasun berberetan, BGPko iturriek gaur jakinarazi dutenez.

BGPko lanetan, funtsean, metroaren oraingo ibilbidearen eta zati berriaren seinaleztapen sistemak konektatzea aurreikusten da. Aldaketarik garrantzitsuenen artean Portugaleteko geltokiko katigamendua ordezkatzea dago; katigamendua ustiapenerako dispositibo gakoa da, lineako hainbat zatitan dauden ekipoen multzoa, eta trenen posizioari eta seinale, disko eta orratzen posizioari buruzko berri ematen du, trenak seguru ibili daitezen. Portugaleteko katigamendua amaierako geltoki gisa pentsatuta zegoen hasiera batean, baina batez ere pasoko geltoki gisa konfiguratu beharko da.

Konexio konplexu horiek gauzatzeko egun horiek hartu dira abiapuntu edo helmuga gisa Portugalete eta Abatxoloko geltokiak dituen jendeari ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Izan ere, Portugalete eta Abatxoloko geltokiak itxita egongo dira egun horietan. Metro Bilbaok informazio dispositibo berezia jarriko du trenen ordezko autobusak erabili behar dituzten bezeroek bus geltokiak erraz aurkitzeko. Portugalete, Abatxolo eta Sestaoko geltokien inguruetan egongo dira.

Horrela, Metro Bilbaoren Sestao-Portugalete zatian trenen ordez autobusak ibiliko dira. Autobus zerbitzuak, egunez, hamar minutuko maiztasuna izango du, eta larunbat arratsaldean autobus bat gehiago sartuko da bezero gehiago izan ohi delako eta, horrela, 7,5 minututik behin ibiliko dira autobusak. Gauez, ordea, 30 minutuko tartearekin ibiliko dira autobusak. Bezeroek metroko txartela erakutsi beharko diote autobusaren gidariari. Autobusak Bizkaibusen ohiko geltokietan geratuko dira.