EUSKADI.-Mariella Devia sopranoak errezitaldia emango du bihar Bilboko Arriaga Antzokian, Massimiliano Bullo pianistak lagunduta

Actualizado: lunes, 1 febrero 2010 12:51

BILBO, 1 Feb. (EUROPA PRESS) -

Mariella Devia soprano italiarrak errezitaldia eskainiko du bihar, arratsaldeko 20:00etan hasita, Bilboko Arriaga Antzokian, Massimiliano Bullo pianistaren laguntzarekin. Nazioarteko opera eta kontzertuen zirkuituan bakarlari ezaguna da Devia, eta munduko agertoki nagusietan abestu du, antzoki bilbotarreko iturriek adierazi dutenez.

Mariella Devia ohiko gonbidatua da Milango Alla Scala Antzokian, Londresko Covente Garden-en, New Yorkeko Metropolitan-en eta Carnegie Hall-en, Pariseko Opera Nazionalean edo Amsterdameko Concertgebown-en. Horietan guztietan lehen mailako zuzendariekin lan egin du, hala nola Abbado, Mehta edo Mutirekin. Bere errepertorioan rol nagusiak izan ditu opera hauetan eta beste askotan: "Tancredi", "I puritani", "Rigoletto", "La traviata" eta "Il ratto dal serraglio".

Bilbon egiten duen lehenengo saioa izango da. Mariella Deviak, besteak beste, Chopin, Charpentier, Liszt, Masseneten "Manon" eta Gounoden "Romeo et Juliette" lanen zatiak abestuko ditu, eta baita Donizettiren "Ana Bolena" eta "Maria Stuarda" operen ariak ere. Errezitaldian, Massimiliano Bullo pianistarekin arituko da.

Mariella Devia Ligurian (Italia) jaio zen eta Erroman bizi da. Hiri horretan gradua lortu zuen kantuan Santa Cecilia Kontserbatorioan. Mariella Devia sopranoa ospetsua da nazioarteko opera eta kontzertuen arloan, eta bel cantorekin nahiz Mozart eta Verdiren errepertorioarekin arrakasta handia lortu du gaur egungo antzoki eta kontzertu-areto ospetsuenetan.

Bere errepertorioan bel cantoren rol nagusiak egin ditu, esaterako, "Tancredi", "I puritani", "Rigoletto", "La traviata", "El rapto del serrallo", "I Capuleti e i Montecchi", "Lodoiska", "La flauta mágica", "Don Giovanni", "La sonnambula", "Idomeneo", "Otello", "Zelmira", "Benvenuto Cellini", "Las bodas de Fígaro", "Parisina d'Este", "Lakmè", "Il matrimonio segreto", "Falstaff", "Le comte Ory" eta "Roméo et Juliette" lanetan.

2008/2009 denboraldiaren hasieran "I Capuleti e i Montecchi" abestu zuen Genevako Carlo Felice Antzokian, "Tancredi" Sevillako Teatro de la Maestranza-n eta "Maria Stuarda" Kataniako Massimo V. Bellini Antzokian. Halaber, errezitaldiak eman zituen Tokion eta "arrakasta handia lortu zuen".

Mariella Deviaren antzezpen ospetsuenen artean hauek nabarmendu behar dira: "Adelia", New Yorkeko Carnegie Hall-en; "Otello", Covent Garden-en; "Lucia di Lammermoor", Kataniako Massimo V. Bellini, Cagliari, Palermo eta Maceratako antzokietan; "La sonnambula" Maggio Musicale Fiorentino Antzokian; "I Puritani", Genevako Carlo Felice Antzokian; "La donna del lago", Rossini Opera Musikaldian; "Marin Faliero", Veneziako La Fenice Antzokian eta "Lucia di Lammermoor" eta "Beatrice di Tenda", Alla Scala Antzokian.

MASSIMILIANO BULLO

Massimiliano Bullo pianista bost urterekin hasi zituen piano ikasketak, Carlo Vidusso maisuaren gidaritzapean. Ikasketak bukatzean diploma lortu zuen Milango G. Verdi Kontserbatorioan, Ernesto Esposito maisuarekin. Diplomatu baino hiru urte aurretik, 1980an, beka bat lortu zuen Maisu Laguntzaile moduan La Scala Antzokian.

Aretoko Maisuaren kargua izan zuen La Scala Antzokian, eta han aritu zen laguntzaile moduan 1986tik 2005era, Riccardo Muti orkestra-zuzendariarekin. 1997. urtean Fortepianoko maisu moduan parte hartu zuen, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, Deccarako grabatutako "Il Turco in Italia" operaren ekoizpen-lanetan.

Normalean La Scalako filarmonikarekin aritzen da, Italian nahiz nazioarteko biretan. Horrez gain, irakaslea da Milango Musika Eskolan eta kontzertuak ematen ditu laguntzaile gisa errepertorio lirikoan eta lieder moduan.

2008ko apirilean Salvatore Licitra tenorearekin aritu zuen Japonian egindako bi errezitalditan (Tokioko Suntory Hall-en eta Nshinomiyako Performing Art Zentroan, Osakan). 2008ko irailaren 19tik 25era Masterclass bat eman zuen Mariella Deviarekin Seulen, Hego Korean. Bestalde, urte bereko irailaren 27an, errezitaldia eman zuen Mariella Deviarekin Hego Koreako hiriburuko Aram Concert Hall-en.