EUSKADI.-Martxan dago Urdulizko (Bizkaia) Leiho eta Balkoietako Loreen II. Lehiaketa eta igandean amaituko da izena emateko epea

Actualizado: jueves, 16 julio 2009 14:21

BILBO, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Leiho eta Balkoietako Loreen Lehiaketako lehenengo edizioak iaz izan zuen arrakastaren ondoren, Urdulizko Udalak (Bizkaia) bigarrena jarri du martxan aurten. Parte hartu nahi dutenek herriko Kultur Etxean eman behar dute izena, eta, horretarako, igande honetako 13:30ak arte dute epea.

Epaimahaia udal teknikari batek eta Udalak lorezaintza zerbitzua emateko kontratatutako enpresaren arduradunak osatuko dute. Irabazlea zein balkoi den adieraziko duen epaia hamar egun geroago emango du epaimahaiak, hau da, uztailaren 30ean. Sariak abuztuaren 22an emango dira, Nekazaritza Azokarekin bat eginez.

Lehiaketak Urdulizko udal mugen barruan kokatutako eraikinetako balkoi, leiho eta terrazen lore eta landare apainketak saritzen ditu, betiere, jendeak kaletik ikusteko moduan badaude. Irabazleak 200 euro eta garaikurra jasoko ditu, eta bere lanaren argazkia "Urduliz Gaur" udal aldizkarian argitaratuko da. Bigarren saria 150 euro eta garaikurra izango da, eta hirugarrena, berriz, 100 euro eta garaikurra. Parte-hartzaile guztiek oroigarri bat jasoko dute opari.

Lehiaketara aurkeztutako leiho, balkoi eta terrazen argazkiak, epaimahaikideek egindakoak lanak baloratzeko, Urdulizko Kultur Etxean egongo dira ikusgai, irailaren 1etik 12ra bitartean.

2008ko udan egindako lehenengo edizioan, Marisa Madariagaren ornamentazio-lana izan zen irabazlea; bigarren Natividad Orueren terraza geratu zen, eta hirugarren, Concepcion Urrutia.