EUSKADI.-Martxoaren 1ean hauteslekura joan ezin direnentzat garraio zerbitzua antolatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak

Actualizado: lunes, 23 febrero 2009 14:04

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean gaixorik daudelako edo urritasun fisikoren bat dutelako hauteslekuetara joan ezin diren pertsonentzako garraio zerbitzu bat antolatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. DYAko eta Gurutze Gorriko langileak arduratuko dira zerbitzuaz.

Herrizaingo Sailaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako 2005eko hauteskundeetan bezala, aurtengo bozetarako ere Herrizaingo Sailak garraio zerbitzu bat abian jarri du EAEko hiru hauteskunde barrutietan, gaixorik dauden edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak hauteslekuetara eramateko. Eusko Legebiltzarrerako 2005eko hauteskundeetan, 200 hauteslek erabili zuten zerbitzua.

Lan hau burutzeko, EAEko Gurutze Gorriak eta DYAk laguntza eskaini dute eta, hortaz, zerbitzua erabili nahi duten pertsonak otsailaren 27a baino lehen beraiekin jarri beharko dira harremanetan zerbitzua zehazteko, Gurutze Gorrira (902 22 22 92) edo DYAra (902 46 46 22) deituz.