EUSKADI.-Matriuska errusiarrak dira Abadiñoko (Bizkaia) Martxoaren 8ko lehiaketa irabazi duen kartelaren ardatza

Actualizado: martes, 23 febrero 2010 12:48

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Aitzol Bizarguenaga eta Jon Borrajo Durangaldeko Arkitekturako ikasleek irabazi dute martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Abadiñoko Udalak (Bizkaia) antolatutako ekitaldiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa. Matriuska errusiarren irudia duen kartel batekin irabazi dute lehiaketa, Abadiñoko Udaletik gaur jakinarazi dutenez.

Aitzol Durangokoa da eta 26 urte ditu, eta Jon, berriz, Iurretakoa da eta 25 urte ditu. Biek ala biek eskuratu dute Abadiñoko Udaleko Emakumearen Arloak sustatzen duen lehiaketaren lehen saria. Guztira 14 lan aurkeztu dira lehiaketara. Herrikoa den eta bestelako saririk jaso ez duen egilearentzat gordetzen den saria, berriz, 20 urteko Miriam Perez abadiñoarrak lortu du.

Aitzolek eta Jonek panpina errusiar tipiko horien argazki bat erabili dute karteleko ardatz nagusi gisa, ordenagailuz editatuta. Egileen ustez, "irudi horrek ondo erakusten du emakumeen artean dagoen aniztasuna", eta gai hori izango da, hain zuzen, martxoaren 8a ospatzeko programak Abadiñon izango duen gai nagusia.

Bi egileek azaldu dutenez, hauxe da irabazi duten lehenengo lehiaketa, baina lehenago beste lehiaketa batzuetara aurkeztu dute beren burua, besteak beste, Martxoaren 8a zela-eta 2009. urtean Abadiñon izan zen kartel lehiaketara. Aurtengo programa iragarriko duen kartelaren saria 600 euro dira, eta herriko lanik onenaren saria, berriz, 200 euro.

Sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 5ean izango da, arratsaldeko 17:30etan, Matienako kultur etxean. Lehiaketara aurkeztutako 14 lanak ikusgai jarriko dira kultur etxe horretan, martxoaren 5etik 18ra bitartean.