EUSKADI.-"Maxwell deabrua" delakoaren fisikako aplikazioei buruzko hitzaldiak izango dira aste honetan EHUko Leioako campusean

Actualizado: lunes, 22 junio 2009 13:39

BILBO, 22 Jun. (EUROPA PRESS) -

James Clerk Maxwell fisikariak termodinamikaren bigarren legea hausteko duela 150 urte imajinatu zuen "deabruaren" aplikazioei buruzko dibulgaziozko hitzaldiak eta eztabaida akademikoak egingo dira asteazkenean eta ostegunean Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioako campusean. Aipatu legeak mugak ezartzen dizkie naturan onargarriak diren prozesuei eta motor eta makinen bidez natura "ustiatzeko" gizakiaren ahalmenari.

Jardunaldien arduradunek azaldu dutenez, izaki ideal honek partikulak ordenan jar zitzakeen, beren ibilbideak jakinez gero, "ezinezko" eragiketak egiteko, esate baterako, orekan dagoen sistema batetik lana ateratzeko; adibidez, itsasontzi bat mugitu ahal izango luke bare dagoen ozeanoaren energia izugarriaz baliatuta.

Gaur egun, Maxwellen hasierako ideia birformulatu egin da eta, horren bidez, maila nanoskopikoan eta atomiko-molekularrean erabilgarriak diren eragiketak egiteko gailuak sortu dira, nahiz eta horiek ez duten fisikaren inolako legerik urratzen. Erronka garrantzitsu bat atomoak eta partikula txikiak noranzko jakin batean garraiatzea ahalbidetzen duten balbula mikroskopikoak garatzea eta hobetzea da.

Askotariko aplikazioak dituzte eta hainbat erronka sortzen dituzte, esate baterako, hozte atomikoko, erreakzio nuklearrak kontrolatzeko edo zeluletan botikak garraiatzeko metodo berriak. Eragiketa horietako batzuk egiteko jada badaude prototipo esperimentalak.

Naturan badira, halaber, muskuluak nola uzkurtzen diren, zelulak nola zatitzen diren eta, oro har, materialak noranzko jakinetan eta ez ausaz nola garraiatzen diren azaltzen duten antzeko garraio prozesuak.

Topaketetan, Princeton eta Oregon (AEB), Hannover (Alemania) eta euskal unibertsitateetako fisikari adituek parte hartuko dute. Ekimena Gonzalo Muga EHUko irakasleak koordinatzen dituen Optika Kuantikoari eta Mekanika Kuantikoaren Oinarriei buruzko XIV. Jardunaldien baitan gauzatuko da.