EUSKADI.-Mendiko kirola izan da "Basque Team Desafioa" beken lehenengo edizioko protagonista

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 13:59

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Mendiko kirola izan da, modalitate desberdinetan, "Basque Team Desafioa" beken lehenengo deialdiko protagonista nagusia, eta Alberto Iñurrategi buru duen goi-mendiko espedizio batek eta Jonathan Larrañagak zuzendutako izotz gaineko eskalada-proiektuak jaso dituzte laguntzak.

Lehendabiziko aldiz aurkeztu diren urtez urteko beka hauek lehiaketaz kanpoko kirol jarduerei zuzenduta daude, bai eta norgehiagoka edo titulu ofizialik ez duten erronka pertsonaleko jarduera arriskutsuei ere, beti ere nazioartean oihartzun eta jarraipen handikoak direla.

Horrela, bekaren arduradunen arabera, mendizaletasuna da helburu jakin bati begira pertsonen arteko aldi bereko lehiaketarik ez duten kiroletako bat, kirolari onenen zerrendarik edo sailkapen ofizialik gabekoa. Goi-mendiko espedizioak, eskalada modalitate desberdinak edota kainoi-jaitsierak eta mendiko eskia bezalako espezialitate berriagoak dira beka hauen helburuko kirolak, eta gerora begira, kirol espedizio handiak eta nabigazio transozeanikoa ere barne har litezke bekak banatzerakoan.

"Basque Team Desafioa"-ren lehendabiziko edizio honen deialdia urte hasieran kaleratu zen, eta bi proiektu izan dira irabazle. Alde batetik, Ice Walls'09, Jonathan Larrañaga getxoztarrak aurkeztutakoa, Frantzia, Suitza eta Italiako Alpeetan dauden zailtasun goreneko izotzezko hamabi ur-jauzietarako igoerak kateatzea proposatzen duena.

Bestalde, Naturgas Makalu'09 da beste bekaduna, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza partaide dituena, eta alpetar modalitatean (soka finkorik gabe, altuerako kanpamentu egonkorrik gabe eta oxigeno artifizialik gabe) Makalu mendiko (8.463 metro) tontorra zapaltzea bilatzen duena, horretarako mendebaldeko harroinetik igotzea proposatuz.

Euskadi Kirola Fundazioak bultzatzen duen BAT Basque Team markaren proiektu berri honetan, Naturgas Energia konpainiak babesle nagusitzat kolaboratuko du berriro ere, eta laguntzak jasotzen dituzten espedizio esleipedunek gas-enpresaren izena sartuko dute beren proiektuetan.

"Basque Team Desafioa" beken hartzaileak izan daitezke, lehiaketa ofizialetan kirol emaitza egokiak ezin egiaztaturik BAT Basque Team-ek orain arte banatzen zituen laguntzetatik at gelditzen ziren kirolariak, betiere nazioarteko oihartzuna duten kirol emaitzak edo proiektuak gauzatu nahian baldin badabiltza.

Kirol proiektu bat "goi mailakotzat" jotzeko, zenbait faktoreren bat-egitea aztertuko da, hala nola, proposatutako jardueraren zailtasun maila, ekimenaren berezitasuna eta proposatutako tekniken berritasuna. Horrekin batera, ondo gogoan hartuko da eskatzailearen kirol-kurrikulua, baita laguntzaileena ere kasuan kasu, proposatutako proiektuaren zorroztasun eta fidagarritasunaren bermetzat.

BAT Basque Team-en xedea, goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskadiko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi-mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritzaren -Kultura Sailaren bitartez- eta EiTBren babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, hala nola, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial.