EUSKADI.-Mercabilbaok %15,46 gehiago saldu du Gabonetan zehar

Actualizado: martes, 12 enero 2010 13:57

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Mercabilbaok %15,46 gehiago merkaturatu du bukatu berri diren Gabonetan 2008ko epe berarekin alderatuz, hau da, 2009ko abenduaren 24tik 31ra bitartean, aurreko urteko egun berberetan baino 1.120.309 kilo produktu gehiago saldu ditu, merkataritza-gune bilbotarreko iturriek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Hornidura-zentro honetan 8.368.753 kilo merkaturatu dira guztira Gabonetarako, frutak, barazkiak, arrainak, itsaskiak eta balio anitzeko merkatuko produktuak (haragiak, arrautzak, hestebeteak eta abar) barne hartuta. Fruta eta barazkien salmenta %15 hazi da 2008ko salmentaren aldean, arrain eta itsaskien salmenta %19 eta balio anitzeko merkatuarena %16.

Prezioei dagokienez, abenduaren 22tik 24ra bitartean, batez besteko salneurria bere horretan mantendu da fruta eta barazkietan, eta beheranzko joera nagusitu da bertako produktuetan. Bestalde, urteko azken astean, fruten batez besteko prezioa aurreko astekoa baino txikiagoa izan zen orokorrean, eta barazkien salneurria %8 eta %9 tartean igo zen, bertako barazkiak izan ezik, beheranzko joerari eutsi baitzioten.

Arrain eta itsaskien merkatuan, batez besteko prezioa orokorra txikiagoa izan da 2009an, bereziki urteko azken astean, eta balio anitzeko merkatuaren kasuan, jaitsiera %7koa izan da aurreko urteko salneurriei dagokienez.

Produktuen arabera, bertako produktuen igoera nabarmendu behar da, izan ere, 2008an baino %39,16 gehiago saldu dira, eta horri esker, prezioek ia %29 behera egin dute. Fruten salmenta %17,47 gehitu da, platanoena %0,66 eta barazkiena %14,70.

Arrainen kasuan, produktu freskoen salmenta azpimarratu behar da, iaz baino %35,19 gehiago saldu baitziren. Era berean, itsaskien salmenta %9,53 igo zen, eta izozkiena %6,36.

Balio anitzeko merkatuan, oilaskoa eta behikiaren salmenta %85 eta %101 igo da, hurrenez hurren, eta horien aldean, arkumearen salmenta %20,40 murriztu da, nahiz eta haragi honen batez besteko prezioak behera egin duen 2009an.

Mercabilbaoko arduradunen arabera, ikuspegi higieniko-sanitariotik, Eguberrietako kanpaina "ezin hobeto" garatu da, merkaturatutako salgaien kalitatea "goi-mailakoa" izan baita, merkaturatutako guztizko bolumenaren antzera.

Urtean zehar egindako kontrolei esker eta handizkarien artean zabaldutako kalitate eta elikadura-segurtasunaren aldeko kontzientziazio eta konpromisoari esker, 22 urtetan lehen aldiz, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak ez du sektoreko norabanakoek edo profesionalek igorritako erreklamaziorik jaso Eguberritan erositako salgaien kalitateari dagokionez.