EUSKADI.-Merkataritza elektronikoa erabili zuen EAEko enpresen kopurua pixka bat murriztu zen 2008an eta %15ek erabili zuen

Actualizado: martes, 14 julio 2009 12:51

Enpresen merkataritza elektronikoan %11,9 gehitu ziren salmentak iaz, eta %11,3 erosketak


BILBO, 14 Jul. (EUROPA PRESS) -

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkataritza elektronikoak kopuru ekonomikoak aztertuta hazten jarraitu du, Eustaten datuen arabera, baina horretan parte hartzen duen enpresen kopurua pixka bat murriztu zen 2008. urtean. Horrela, EAEko enpresen %15ek erabili zuen merkataritza elektronikoa.

Halaber, joan den urtean sarearen bidez edo bestelako sistema elektronikoen bidez egindako negozio zifra 7.157 milioi eurokoa izan zen salmenta elektronikoei dagokienez, eta 3.452 milioikoa erosketei dagokienez. Aurreko urtearen aldean, kopuru hori %11,9 gehitu zen merkataritza elektroniko bidezko salmentei dagokienez, eta %11,3 sistema hori erabilita egindako erosketei dagokienez.

Balio absolutuetan, lurralde historikoen artean Bizkaia nabarmendu zen salmentetan eta Araba erosketetan. Jarduera-sektoreen arabera, Industriak eta Zerbitzuek erosketetan antzeko kopuruak lortu zituzten eta salmentetan industria nabarmendu zen gainerako sektoreen aldean. Establezimenduen tamainari dagokionez, hamar langile edo gehiagoko enpresek erabili zuten sarrien merkataritza elektronikoa.

Aipatu bezala, 2008. urtean pixka bat murriztu zen merkataritza elektronikoa erabili zuen enpresen kopurua, eta 0,3 puntu murriztu zen. Gaur egun, EAEko enpresen %15ek erabiltzen du sistema hori. Enpresek batez ere erosketak egiten dituzte (%13,9) eta gutxi batzuek salmentak (%3,4).

Kopuru ekonomikoak kontuan hartuta, salmenta elektronikoak erosketa elektronikoak baino askoz gehiago izan ziren; alabaina, saltzen dutenak baino askoz gehiago izan ziren bide elektronikoz erosten duten enpresak.

EAEn merkataritza elektronikoan ibili ziren establezimenduak 29.450 inguru izan ziren 2008an. Gainera, establezimendu horiek modu elektronikoan egin zituzten erosketak euren erosketa guztien %22,6 izan ziren; salmentak, berriz, salmenta guztien %26,9 izan ziren.

Kopuruak bestelakoak izan ziren enpresaren tamaina kontuan hartuz gero. Bada, hamar langile edo gehiagoko enpresen %22,2ak erabili zuen merkataritza elektronikoa. Atal honetan ere askoz gehiago izan ziren erosketa elektronikoak egiten zituztenak (%19,1) eta gutxiago salmenta elektronikoak egiten zituztenak (%8).

BITARTEKOAK ETA BEZEROAK

Bestalde, erosketa elektronikoak egiteko bitartekoei dagokienez, %36,7 norberaren webgunearen bidez egin ziren, %41,8 posta elektronikoz egin ziren (e-mail) eta gainerakoak (%21,5) EDIren eta beste sare batzuen bidez.

Bestalde, salmenta elektronikoen %59,2 EDI eta beste sare batzuen bidez egin ziren, %21,2 posta elektronikoaren bidez eta %19,6 norberaren webgunearen bidez. Salmenta elektronikoak egiten zituzten enpresen %25,9ak on-line ordainketak jaso zituen.

Joan den urtean merkataritza elektronikoaren bidezko salmentak izan zituen bezero motari dagokionez, salmenta elektroniko guztien %89,8 beste enpresa batzuentzat izan zen (B2B izeneko merkataritza), %9,3 kontsumitzaile partikularrentzat izan zen (B2C) eta gainerako %0,9 beste bezero batzuentzat, herri administrazioarentzat esate baterako (B2G).

Azkenik, lau enpresatatik hiruk (%78,7) uste zuen merkataritza elektronikoan parte hartzeko zailtasunak zeudela; %61en ustez, haien produktu eta zerbitzuak ez ziren internet edo bestelako sare telematikoen bidez saltzeko egokiak; %38k uste zuen, gainera, kobratzeko edo ordaintzeko oraindik segurtasun arazoak zeudela; %37,9aren ustez ziurgabetasun handia zegoen merkatu hori arautzen duten legeen gainean, emateko epeen gainean eta gerta daitekeen edozein arazorako bermeari dagokionez.

Gainera, %37,7ren ustez haien bezeroak ez zeuden bide horiek erabiltzeko behar bezala prestatuta; %35,7aren ustez, bestalde, garapen eta mantentzerako kostua oso altua zen eta %32,5ak uste zuen plantilla ez zela nahikoa edo ez zegoela erabat gaituta.