EUSKADI.-Metro Bilbaok 100 tren berezi jarriko ditu saskibaloi Kopa, Athleticen partidak eta Algorta eta Sestaoko inauteriengatik

Actualizado: jueves, 18 febrero 2010 11:50

BILBO, 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Metro Bilbaok etenik gabeko 100 treneko dispositibo berezia jarriko du gaur hasi eta igandera arte, egunotako kirol eta jai ekitaldiak direla eta. BECeko Bizkaia Arenan jokatuko den saskibaloiko Kopa, Athleticen Europe Leagueko eta Ligako partidak eta Sestao eta Algortako inauteriak batera egokitu direnez, metropoliko trena ustiatzen duen enpresak "teknikoki eta giza baliabideen aldetik duen ahalmen guztia aterako du masiboa aurreikusten den mugikortasunaren eskaria asetzen saiatzeko", konpainiako iturriek adierazi dutenez.

Zerbitzua BECen (zazpi) eta San Mamesen (bi) jokatuko diren partiden aurreko eta osteko uneetan, eta Getxo eta Sestaoko inauteriak tarteko, larunbatean gau osoan indartuko da batez ere.

Gaur bertan bi saskibaloi partida jokatuko dira 19:00etan eta 21:30etan BECen, eta San Mamesen Athleticek Europe Leagueko partida jokatuko du 21:05ean. Metro Bilbaok hamar minutuko maiztasunez aterako ditu trenak eta taldeak animatzera San Mamesera eta Ansiora joandako zale guztiak etxeratu arte luzatuko du zerbitzua, gutxi gorabehera.

Bihar saskibaloiko bi partida jokatuko direnez, 19:30etan eta

21:50ean, partidak amaitu ostean indartuko da zerbitzua trenak Ansiotik hamar minutuko tartearekin ateraz. Gauez, ostiralero bezala, metropoliko trenaren zerbitzua 2:00etan amaituko da.

Larunbatean saskibaloiko beste bi partida jokatuko dira, 18:00etan eta 20:30etan, eta orduan ere partidak amaitu ostean indartuko da zerbitzua. Gauean metroko sarean zeharkatzen dituen hainbat udalerritan, adibidez, Algortan eta Sestaon, inauteriak ospatuko dituztenez, metroko trenak ohi baino maizago ibiliko dira larunbateko 23:00etatik igandeko 6:00etara. Gau osoan 15 minututik behin izango

dira trenak enborrean (Etxebarri-San Inazio) eta Bidezabalera, eta 30 minututik behin Plentzia eta Santurtzira, bi noranzkoetan.

Igandean, Athleticek Ligako partida jokatuko du San Mamesen 17:00etan, eta BECen saskibaloiko Kopako finala jokatuko da 19:00etan. Beraz, metroaren zerbitzua kirol partida horien aurreko eta osteko uneetan indartuko da, eta trenak zazpi minutu eta erdiko maiztasunez ibiliko dira 23:00etan zerbitzua amaitzen den arte.

San Mames eta Ansioko geltokietan informazio eta segurtasuneko dispositiboa izango dute. Metro Bilbaok jendetza segurtasunez kudeatzeko protokoloa aktibatuko du, erabiltzaileen joan-etorriak ahalik eta azkarren bideratzeko. Beste batzuetan bezala, Metro Bilbaok bezeroei gomendatzen die joan-etorriko txartela edo Creditrans erosteko txarteldegietan, ilararik ez sortzeko.

Laguntza ere eskatzen die herritarrei, metroko langileen esanei jaramon egiteko, alegia, bereziki metroaren funtzionamendua eta jendetza handiak biltzen dituzten ekitaldietako ohiko babes neurriak ezagutzen ez dituzten kanpotik etorritako zaleei.

Bestalde, gaueko zerbitzua jaia gozatzera irtengo diren milaka pertsonei garraioa errazteko areagotuko da, bidaia seguru eta eroso egin dezaten. Metro Bilbaoren ahalegin berezi hori gizartearen lan, kulturua eta kirol pultsuen ondoriozko garraio masiboaren beharretara egokitutako zerbitzu publikoa emateko filosofian oinarritzen da.