EUSKADI.-Metro Bilbaok ibiltzeko erabiltzen duen energia guztia iturri berriztagarrietatik dator

Actualizado: jueves, 4 junio 2009 15:19

BILBO, 4 Jun. (EUROPA PRESS) -

Naturgas hornitzaileak emandako informazioaren arabera, Metro Bilbaok bere jardunerako erabilitako energia guztia iturri berriztagarrietatik atera zuen 2008an. Garraio konpainiak garapen iraunkorrean laguntzeko politika horrekin jarraituko du 2009an ere, "gizarteak gero eta gehiago eskatzen dituelako enpresa arduratsuak", adierazi dute metroaren arduradunek.

Metro Bilbaok garraio ekologikoagoari egiten dion ekarpenak hiria "inguru osasungarriago" egiten lagundu duela azpimarratu dute, trenbideko garraioak gaurko beste garraiobide nagusiek baino oihartzun txikiagoa baitu ingurumenean, erregai fosilen kontsumoa

eta berotegi efektuko gasen emisioak minimizatzen dituen aldetik.

Horren harira, Metro Bilbaori esker, urtean 46.000 tona CO2 inguru gutxiago isurtzen dira, hots, 8.000 automobilek urte osoan eragingo luketen kutsadura, auto bakoitzak batez beste 30.000 kilometro egiten dituela jota. "Azken batean, metroz ibiltzen garenon artean 46.000

zuhaitzeko basoak bizitza osoan egiten duen onura bera egiten diogu ingurumenari, zuhaitz batek bere bizitzan batez beste tona bat CO2 xurgatzen duenez gero", azaldu dute.

Ingurumeneko politika iraunkor horretan, azpimarragarria da Metro Bilbao energia berreskuratzeko esku artean duen proiektua ere. Kontua da energia aprobetxatzeko sistema bat moldatzea, argindarraren fakturan %33 aurrezteko, tren bakoitzaren motorrak energia kontsumitu eta sortzen baitute aldi berean. Balaztatzean sortutako energia elektrikoa katenariara bideratzen da berriro, eta handik hartzen du hurrengo trenak arrankatu edo azeleratzeko.

Hobetzeko ildo horretan, Metro Bilbaok bat egin zuen 2008ko abenduan IHOBEk eta EAEn herritarren, enpresen eta administrazio publikoen berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ekintzak biltzeko Klima Aldaketari buruzko Euskal Bulegoak abiatutako ekimenarekin.

Horregatik, Metro Bilbaok hitzeman du erakundearen emisio iturrien eta berotegi efektuko gasen emisioen hasierako inbentarioa egingo duela ekimen horren kalkulagailuen bitartez. Era berean, 2009rako Ekintza Plana ere prestatuko da, onartutako murrizte neurrien berri zabaldu eta neurriak bultzatzeko.