EUSKADI.-Metro Bilbaok tren zerbitzu berezia emango du Bruce Springsteenek igandean San Mamesen emango duen kontzerturako

Actualizado: viernes, 24 julio 2009 17:35

BILBO, 24 Jul. (EUROPA PRESS) -

Metro Bilbaok tren zerbitzu berezia jarriko du martxan igande gauerako, Bruce Springsteenek San Mamesen emango duen kontzertua amaitzen denerako, hain zuzen ere. San Mamesera joango diren milaka pertsonei itzulerako bidea erraztea da zerbitzu bereziaren helburua, nahiz eta kontzertua hasi aurretik ere tren-zirkulazio gehiago izango da.

Konpainiako iturriek gaur jakinarazi dutenez, gaueko zerbitzua areagotu egingo da kontzertua amaitu ondoren, San Mameseko geltokiko nasetara bezeroak iritsi ahala. Metro Bilbaoren zerbitzua 2:00ak aldera amaituko da eta trenak norabide bietan ibiliko dira, bai 1. linean, bai eta 2. linean ere.

Metro Bilbaoren zerbitzua ohiko orduan amaituko da igandean, hots, 23:00etan, eta kontzertura doazenentzat bakarrik jarriko da berriz martxan. San Mames eta Indautxuko geltokiak dira hurbilen daudenak, eta beraz, horiek egongo dira zabalik metrora sartzeko. Beste geltokiak irteteko zabalik egongo dira eta sartzeko itxita.

Metro Bilbaok informazio eta segurtasunerako dispositibo berezia ezarriko du Bilboko Udaltzaingoaren laguntzaz. Halaber, zerbitzu hau erabili behar dutenei joan-etorriko txartela erostea eta geltokiko langileek esandakoa egin dezatela gomendatu die, horrela ez baita ilara luzerik sortuko txartel-makinen aurrean.

Metroa ustiatzen duen enpresak ohi duenez, zerbitzu bereziak jartzen ditu interes handiko gertakizun publikoak dauden bakoitzean, oraingoan musika emanaldi honekin gertatzen den bezala. Kasu honetan, 30.000 pertsona baino gehiago bilduko dituen musika ekitaldi baten garraio-eskaerari erantzun nahi zaio. Metroak aurten hirugarren aldiz jarriko du garraio zerbitzua kontzertu jendetsuetara joateko, aurretik AC/DC taldearen kontzerturako eta BBK Live jaialdirako egin zuen bezala.