EUSKADI.-Metro Bilbaoko Peñota eta Santurtzi geltoki berriek 12.000 bidaia zenbatu dituzte zerbitzuko lehenengo asteburuan

Actualizado: lunes, 6 julio 2009 18:59

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Larunbatean 16:00etan ateak ireki zirenetik 12.000 pertsona baino gehiagok erabili dituzte Metro Bilbaoko Peñota eta Santurtzi geltoki berriak. Kopuruak erakusten du Santurtziko herritarrak "ondo" hartu dutela metroa herrira heltzea, garraio konpainiako arduradunek adierazi dutenez.

Horrela, larunbatean ia 5.000 bidaia zenbatu ziren (eguraldi txarrarekin ere) eta igandean 8.000 inguru. Modu honetan, guztira 12.000 bidaia baino gehiago izan ziren larunbateko 16:00etatik igandeko 23:00ak arte.

Santurtzin ibili zen jende gehien, bezero askok herriko instalazio berriak bertatik bertara ezagutu nahi izan zituztelako. Larunbatean, Santurtzi eta Peñotatik irten ziren trenetan sartu zirenak batez ere Bilboko erdigunera (Abando eta Zazpi Kaleak) eta metro geltokia duten Ezkerraldeko beste herri batzuetara joan ziren (Gurutzeta, Barakaldo, Sestao eta Portugalete). Igandean, berriz, Ezkerraldeko geltokietara joan ziren Santurtzi eta Peñotako bidaiaririk gehienak.

Gaueko zerbitzuari dagokionez, 1.140 pertsonek erabili zuten metroa Peñota eta Santurtzin larunbateko 23:00etatik igandeko 6:00ak arte. Pertsona horien %63k erabili zuten Santurtziko geltokia, metroko sareko gaueko bidaien %3,4,, alegia, Areeta, Algorta, Sestao edo Portugaleteko bezalako geltokien antzera.

Bestalde, Metro Bilbaoko arduradunek jakinarazi dute bihar goizean Deustuko zubian hasiko diren obrek ez diotela metroko bus zerbitzu osagarriari eragingo. Metro Bilbaok zerbitzu osoari eutsiko dio Deustun zubiko obrak irautea aurreikusi den bost asteetan, betiko ordutegia eta geralekuan mantenduz.